Hemeroteka


Elkarbanatu
2024-09-30

40 ikastetxe eta 3000 ikasle inguru aurtengo Liburu Gaztea booktrailer lehiaketan

Abian da Liburu Gaztea booktrailer lehiaketaren edizio berria. Aurten 23 ikastetxek eman dute izena Gipuzkoako lehiaketan eta 17k Bizkaikoan. Horren arabera, 3.000 ikasle inguru ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko booktrailerrak egiten datozen hilabeteetan. Egitasmo hau Galtzagorri elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.

Helburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako teknologia berriak erabiliz. Lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko booktrailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Hala ere, ikastetxetatik kanpo Norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan. Horretan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute azken eguna baino lehen (2025eko martxoaren 3a) booktrailerra webgunera igotzearekin eta bertan eskatzen diren datuak betetzearekin. Oinarrietan dago informazio guztia zehatz mehatz azalduta.

Booktrailerrak egiteko ikus-entzunezko lengoaiaren eta grabazio eta edizio tekniken inguruko formazioa irakasleentzat

Egitasmoko Bizkaiko edizioan parte hartzen duten irakasleentzako formazio saioa eskainiko du Galtzagorri elkarteak urrian Bilbon. Bertan, booktrailerrak egiteko grabazio aholkuak, edizio programak eta teknika ezberdinak aurkeztuko zaizkie irakasleei. Horretarako, lau orduko ikastaro praktikoa eskainiko zaie, urriaren 29an, goizez, Basurtuko Udaltegian. Gipuzkoan, berriz, arazo tekniko batzuk direla-eta, momentuz ezingo da lantegia aurrera eraman. Bertako irakasleei, hala ere, jarraipena egin eta informazio lagungarria partekatuko zaie ikasturtean zehar. 

Lehiaketaren edizio honetan ere sariak epaimahaiak erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

  • IKASTETXEKA:
    • DBH1- DBH2 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonua.
    • DBH3-DBH4 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonua.
  • NORBANAKOKA: Abentura txangoa eta 150 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren saria ere izango dugu:

  • Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko.
  • Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren sarian BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

Gainera, 2024-2025 ikasturteko Liburu Gaztea booktrailer lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute.

Aurtengo irakurgai hautatuetatik edo ezinbestekoen zerrendatik liburua hautatu, irakurri eta rec botoiari sakatzea besterik ez da geratzen orain. Spoiler gehiagorik ezin dugu egin... Erronka martxan da eta irrikitan gaude aurtengo booktrailerrak jasotzen hasteko! EKIN!