Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-02-28

25 urte bete ditugu

Aurten 25 urte beteko ditu Galtzagorri Elkarteak eta Galtzagorriok beste era batean egiten ez dakigunez, lanean ospatuko dugu. Urtebetetze festa urrian izango da. Baina aldez aurretik, hamaika SORPRESA prestatzen gabiltza.

Horietako bat, dagoeneko, esku artean izan dezakezu. Ezagutzen duzu Galtzagorriren Klis-klasikoak bildumako Maria Goikoak batbirulau! liburua? Bada, hemendik aurrera, liburu horrekin beste modu batera gozatzeko aukera eskaintzen dizu Galtzagorrik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin. App bat sortu dugu: Maria Goikoak batbirulau! aplikazio multiplataforma.

Liburuaren berezko izaera jostariari eutsiz, jolaserako proposamen berriak eta errealitate areagotuan birsortutako irudiak biltzen ditu app honek: puzzleak, memoria-jokoak, hitz-jokoak, 7 desberdintasunak bilatzeko jokoak, abestiak, 2.5D efektuko irudiak, eta bestelako hainbat joko. Androidetarako eta iphone/ipad-etarako bertsioan eskura daiteke bakoitzari dagokion saltoki birtualean (Google Play eta Apple Store).

Haur eta Gazte Literaturako euskarazko obra kanoniko baten aplikazio multiplataforma sortzea izan da Galtzagorri Elkartearen helburua; papereko liburuari entretenimendurako eta aisialdirako aukera berriak eskainiz euskarri digitalen bidez (mugikorra, tableta eta ordenagailua). Modu horretan, euskara eta euskarazko irakurzaletasuna entretenimenduarekin uztartuta sustatuko duen aplikazio berri eta berritzailea sortu nahi izan dugu.

Oraindik liburua ez baduzu esku artean, liburutegietan edo ohiko liburu-dendetan izango duzu eskuragai. Ondoren, nahikoa izango duzu internet bidez Galtzagorri Elkartearen web gunera sartu eta bertan aurkituko duzun Maria Goikoak app-aren ikonoa klikatzea. Android eta iOS sistemetarako ikono bana aurkituko duzu bertan. Hortik, zuzenean Google Play edo Apple Store-ra helduko zara, eta bertatik dohainik deskargatu ahal izango duzu aplikazioa zure mugikorrera, tabletara edota ordenagailura.

Plataforma digitaletara emandako jauziaz gain, beste hainbat sorpresa ere ari gara prestatzen eta horietako zenbaitetan zure lankidetza ere eskertuko dugu.

Bestalde, zuri irakurle edo jarraitzaile zaitugun horri, 25 urte hauetako ibilbidean Galtzagorri Elkarteari buruz gordeta dituzun oroitzapenak gurekin konpartitzera gonbidatu nahi zaitugu. Bidali zure argazkiak, idatzi zure oroitzapenak eta bildu anekdotatxoak. Guk gustura jaso eta zabalduko ditugu guztiak, gure sare sozialen bitartez.

Ospakizunen urte hau abiatzeko gure Galtzagorritxoari FESTA JANTZIA ipini dio Elena Odriozolak. Mezu hau zuk zeuk ere tximeleta (pajarita) jantzi eta gurekin ospakizun urte honetan murgil zaitezen gonbidatzeko da. Beraz, urte honetan zehar izango ditugun ospakizunetan elkar ikusiko dugulakoan, jaso ezazu agur bero bat.