Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-10-20

2.200 ikasle baino gehiago Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan

Dagoeneko, amaitu da 2014-2015 Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako Ikastetxeen Kategorian izena emateko epea. Ikasturte honetan, guztira, 22 ikastetxe eta DBHko lau mailetako 2.243 ikasle ariko dira lehiaketan parte hartzen. Horien egitekoa: maila bakoitzerako proposatuako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko.

Norbanakoen kategorian parte hartzeko nahikoa da azken eguna baino lehen (2015eko martxoaren 13a) book trailerra web gunera igotzea.

Ikasturte honetan, gainera, parte hartzaileek book trailerrak nola egin eta lehiaketan nola parte hartu azaltzen duen bideo tutorial interaktibo bat izango dute Liburu Gaztea web gunean ikusgai urritik aurrera. Modu horretan, orain arte ikastetxez ikastetxe eman izan diren formazio saioetako azalpenak publiko zabalagoarengana helarazi nahi ditu Galtzagorri Elkarteak, lehiaketako partaidetza izena eman duten ikastetxeez haratagokoa baita. Oreka Interactive enpresa donostiarrak sortu du bideo tutorial hori Galtzagorri Elkartearekin lankidetzan.

Parte hartzea hazten eta zabaltzen

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 2012-2013 ikasturtean abiarazi zuen Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa, mende hasieran sortutako Liburu Gaztea Sariari jarraipena emanez. Ikasturte honetakoa hirugarren edizioa izango da eta geroz eta parte hartze handiagoa du.

Iaz 20 ikastetxek hartu zuten parte eta horietako 1 Bizkaiko San Jose de Calasanz (Santurtzi) izan zen. Bigarren saria eskuratu zuten, gainera. Bada, ikasturte honetan, 22 dira izena eman duten ikastetxeak eta 4 dira Bizkaikoak: San Jose de Calasanz (Santurtzi), Abadiño BHI (Abadiño), Txintxirri Ikastola (Elorrio) eta Juan Orobigoitia Institutua (Iurreta). Lehiaketa nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen, bizkaitarren parte hartzea salbuespen moduan onartzen du, lehiaketak sustatu duen interesa ikusita.

Ikasturte honetan ere parte hartzaileek proposatutako liburu bat irakurri, launakako taldetan bildu (Ikastetxeen kategorian) eta horri buruzko book trailerra egin beharko dute 2015eko martxoaren 13a baino lehen.

2014-2015ean berrikuntzak

Lehiaketaren hirugarren edizioa izango den honetan, book trailer lehiaketaren izaerari eutsiko diogu, baina zenbait aldaketa izango dira. (oinarri berriak)

Aldaketarik garrantzitsuena epai-mahaiarena da. Alegia, ikasturte honetatik aurrera lau adituk osatutako epai-mahaiak hautatuko ditu book trailerrik onenak Ikastetxeen kategorian eta Norbanakoenean.

Hala ere, orain arte bezala, publiko zabalak ere botoa emateko aukera izango du, PUBLIKOAREN SARIAren irabazlea hautatzeko. Botoa ematen dutenen artean, gainera, e-reader bat zozkatuko da, orain arte bezala.

Liburu hautatuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko web gunean dituzue liburu bakoitzaren unitate didaktikoekin batera.

2013an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gaztea batzordeak hautatuko liburuen zerrenda mailaz maila:

DBH-1(12-13 urte): Zuhaitzak landatzen zituen gizona. Jean Giono. Itzultzailea: Mikel Vilches. Ilustratzailea: Mikel Mendibil. Denonartean, 2013

DBH-2 (13-14 urte): Etsai gordea. Jokin de Pedro Perez. Elkar, 2013

DBH-3 (14-15 urte): Maitasun sua. Aitor Arana. Ibaizabal, 2013

DBH-4 (15-16 urte): Gezurrezko natura hila. Marinella Terzi. Itzultzailea: J.A. Sarasola. Ibaizabal, 2013

Hortaz, DBHko maila bakoitzerako iaz argitaratutako liburu bana proposatuko zaio irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik. Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena.

Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!