Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-11-20

22 ikastetxek eta 12-16 urte bitarteko ia 2.000 gaztek hartuko dute parte aurten book trailer lehiaketan

Abian da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren 5. edizioa. Aurten 22 ikastetxek eman dute izena lehiaketan eta, guztira, 1.913 ikasle ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten datozen hilabeteetan. Lehiaketa hau Galtzagorri Elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Honen helburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako teknologia berriak erabiliz.

 

Lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Ikastetxetatik kanpo Norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan. Eta honetan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute azken eguna baino lehen (2017ko martxoaren 10a) book trailerra web gunera igotzea. Oinarrietan dago zehatz mehatz azalduta.

 

Ikasturte honetan, iaz bezala, parte hartzaileek book trailerrak nola egin eta lehiaketan nola parte hartu azaltzen duen bideo tutorial interaktibo bat dute Liburu Gaztea web gunean ikusgai. Oreka Interactive enpresa donostiarrak sortu zuen bideo tutorial hori Galtzagorri Elkartearekin lankidetzan.

 

Book trailer tailerra irakasleentzat

Urtero bezala, irakasleentzako formazio saioa eskainiko du aurten ere Galtzagorri Elkarteak. Aurtengoan, ordea, tailer praktikoa izango da: irakasleek, stop motion teknika eta edizio programa jakin batzuk erabilita, book trailerrak sortzen jarriko ditu Lore Agirrezabal irakasleak. Gaur, urriak 6, ari da burutzen aipatu tailerra Lasarteko Berritzegunean. Goizeko 9:00etan hasi eta 13:00ak arte, guztira 11 irakasle ari dira honetan parte hartzen.

 

Sariak

Lehiaketaren bosgarren edizioa da hau eta iaz bezala egingo da: sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

 

- IKASTETXEKA:

DBH1- DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

 

DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

 

 

- NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 

 

- PUBLIKOAREN SARIA:

 

. Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

.Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko. -

 

 

BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

 

 

Liburu hautatuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko web gunean daude. 2015ean euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gaztea batzordeak hautatutako liburuen zerrenda mailaz maila:

DBH-1(12-13 urte) OZ-eko azti harrigarria. Lyman Frank Baum. Itzultzailea: J.K. Igerabide. Denonartean, 2015.

DBH-2 (13-14 urte) Krokodiloa ohe azpian. Mariasun Landa. Erein, 2015

 

DBH-3 (14-15 urte) Kortsarioen ostatua. Dani Fano. Ilustratzailea: Guillermo Gonzalez. Ikastolen Elkartea, 2015

 

DBH-4 (15-16 urte) Kalte gabeko jokoak. Ricardo Gomez. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2015

 

Hortaz, DBHko maila bakoitzerako iaz argitaratutako liburu bana proposatu zaio irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik.

Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

 

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!