Hemeroteka


Elkarbanatu
2024-06-13

2023ko Lazarillo sariak banatu dituzte

OEPLI Espainiako haur eta gazte liburuaren erakundeak Lazarillo sariak banatu berri ditu. Literatur sormenaren atalean Francisco Díaz Valladaresek irabazi du La hija del esquimal lanarekin eta albumaren atalean, Laia Giménez Buenaventurak Àvies obrarekin. Literatur sormenaren ataleko epaimahaian Galtzagorriren ordezkari, Larraitz Idarreta Donostiako Haur Liburutegiko arduradunak parte hartu du eta albumaren atalean, Elena Odriozola ilustratzaileak.

Literatur sormenaren atalera 284 lan aurkeztu ziren, gehienak narratiban sortutakoak; poesia eta antzerki lanak ere jaso dituzte, baina kopuru txikiagoan. 267 lan gaztelaniaz sortutakoak, 14 galegoz eta 3 katalanez —euskaraz bakar bat ere ez—. Atal honetako irabazlearen lanari buruz honakoa nabarmendu du epaimahaiak: "Egileak sekulako ikerketa lana egin du eta ederki girotu du narrazioa. Erritmo freskoa eman dio nobelari eta gogora dakartza abenturazko nobelak; kasu honetan, emakume bat da protagonista eta heroia". Díaz Valladaresek gai askotariko eleberriak idatzi ditu, gazteei zuzendutakoak betiere. Sari ugari lortu ditu (Antares, Edebe, Frei Martín Sarmiento...), izan ere, ibilbide luzeko idazlea da.

Albumaren atalera 74 obra aurkeztu ziren eta epaimahaiak aho batez eman dio saria Laia Giménez Buenaventurari. Obraren tonu poetikoa eta metaforikoa nabarmendu dute, baita sinboloz betetako ilustrazioak ere, testua indartzen dutenak; kolorearen erabilera ere azpimarratu dute. Albuma landa eremuko emakume nagusiei egindako aitortza da. Kataluniako folklorearen eta tradizioaren ikerketatik eta berrinterpretaziotik sortutako lana eta estiloa da Giménez Buenaventurarena. 

2024ko Lazarillo sarien oinarriak

OEPLIk aurten aurkeztu eta hurrengo urtean emango dituzten sarien oinarriak aurkeztu ditu. Aurten haur literatura lanak sarituko dira literatur sormenaren atalean eta albumari dagokion atala ere egingo dute. 6.000 euroko sariak dira biak ala biak, eta haur literatura lanak irailaren 30erako aurkeztu behar dira; albumak, urriaren 30erako. 

Hona haur literatura ataleko 2024ko oinarriak

Hona album ataleko 2024ko oinarriak

*Albistearen ilustrazioa Laia Giménez Buenaventuraren Àvies album irabazlearena da.