Hemeroteka


Elkarbanatu
2017-07-31

2018ko IBBYren Ohorezko Zerrendarako Canok idatzitako eta Igerabidek itzulitako liburu bana aurkeztu ditu Galtzagorrik

IBBY erakundeak bi urtean behin osatzen du IBBYren Ohorezko Zerrenda. Bertan, argitaratu berriak diren interes eta kalitate goreneko liburuak biltzen ditu, mundu mailan dauden IBBYren atal ezberdinek proposatuta. 2018ko IBBYren Ohorezko Zerrendan euskarazko bi liburu daude: Harkaitz Canok idatzitako "Zer demontre dago aulkien azpian" (Pamiela, 2016) eta Juan Kruz Igerabidek itzulitako “Oz-eko azti harrigarria” (Denonartean, 2015). Galtzagorri Elkarteak proposatutakoak dira biak, lehena idazleen kategorian izan da aukeratua; bigarrena, itzultzaileenean.

 

Ohorezko Zerrenda horretarako hautagaiak IBBYren herrialde bakoitzeko atalak proposatzen ditu. Harkaitz Cano eta Juan Kruz Igerabideren hautagaitzak Galtzagorri Elkarteak proposatu zituen eta ondoren OEPLIren (Organización Española para el Libro Infantil y Juveni) izenean jaso ditu IBBYk. OEPLI IBBYren Espainiako atala denez, eta bertan Espainiako Estatuko lau hizkuntza ofizialetako Haur eta Gazte Literaturak ordezkatuak daudenez, OEPLIk eskubidea du idazleen zein itzultzaileen atalean hizkuntza horietako bakoitzeko liburu bana proposatzeko. Horregatik Galtzagorri Elkarteak OEPLIri aurkezten dizkion liburuak, bi kategoria horietan, zuzenean sartzen ditu IBBYk Ohorezko Zerrendan.

 

Zerrenda horretan sartzen diren liburuek, normalean, zabalkunde handiagoa lortzen dute eta horien itzulpen gehiago egiten dira. IBBYk bi urtez behin egiten duen Biltzarrean (hurrena Atenasen, Grezian izango da, 2018ko abuztuaren 30etik irailaren 1era) aurkezten da zerrenda honen Katalogoa eta liburu horien guztien erakusketa bat paratzen da. Gerora, IBBYren Ohorezko Zerrendako liburuen erakusketak mundu osoan zehar bidaiatzen du, hainbat biltzar eta azoketan parte hartuz.

 

OEPLIk proposatu eta 2018ko Ohorezko Zerrendan sartu diren beste liburuak honakoak dira:

 

Idazleen atalean: "Los fantasmas del paraíso", Alfredo Gómez Cerdárena ( Ediciones SM, 2015); "Un fill", Alejandro Palomasena (La Galera, 2014) eta "Lendo lendas, digo versos", Antonio Garcia Teijeiro eta Antonio García Reigosarena ( Xerais, 2016).

 

Itzultzaileen atalean berriz: "Historias para todo el año", Xohana Bastida Calvok itzulia (Ediciones SM, 2017); "Un clot és per cavar-hi. Primer llibre de definicions", Miquel Desclot-ek itzulia (Kalandraka, 2016) eta "Botchan", Mona Imaik itzulia (Sushi Books, 2016).

 

llustratzaileen atalean, izenburu bakarra aurkezteko aukera du OEPLIk. 2018ko zerrendarako, Miguel Cerrok ilustratutako "Después de la lluvia" (Kalandraka, 2015) izan da aukeratua.

 

2014 eta 2016ko Zerrendak

2016an ere Harkaitz Cano idazlea sartu zen IBBYren Ohorezko Zerrendan "Orkestra lurtarra" (Elkar, 2013) liburuagatik, eta Miren Arratibelek itzulitako Klis-klasikoak bildumako "Haizea sahats artean" (Erein/Igela, 2013).

2014an Iñaki Mendiguren sartu zen IBBYren Ohorezko Zerrendan Klis-klasikoak bildumako "Tom Sawyer-en abenturak" liburuaren itzulpenagatik; Elena Odriozola "Eguberria" liburuko ilustrazioengatik eta Iban Zaldua "Azken garaipena" liburuagatik.