Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-12-24

2018ko haur eta gazte literaturako Lazarillo Sarien irabazleak jakitera eman dituzte

Hiru emakumezko sortzailek irabazi dute aurtengo edizioa: Paloma Corralek eta Begoña Orok album ilustratuaren kategorian irabazi dute; Andrea Maceirasek literatur-sormenaren atalean.

Lazarillo Sari ospetsua, haur eta gazte literaturan Espainiako estatuan sortutako lehenengo saria da, baita independenteena ere. Espainiako Liburuaren Institutu Nazionalak 1958an lehenengo ekitaldia deitu zuen haurrentzat eta gazteentzat kalitatezko liburuen sorkuntza sustatu asmoz. 1986tik OEPLIk urtean behin egiten du Lazarillo Sarien deialdia hala album ilustratuaren atalean nola literatur-sormenaren atalean.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren babesarekin 3.000 euroko diru-saria ematen dute atal bakoitzeko. Epaimahaia azaroaren 29an bildu zen eta sariak Madrileko 41. Haur eta gazte liburuaren Saloiaren inaugurazio ekitaldian banatuko dituzte, datorren abenduaren 12an.

Album Ilustratuaren Saria

"Un fuego rojo" izan da obra irabazlea. Epaimahaikideak honakoak izan dira: Xosé Perozo OEPLIko lehendakarikidea eta OEPLIko lau lurraldeetako sailen ordezkari Nuria Ranz, Joan Portell, Pilar Sampedro eta Amaia Hennebutte (Galtzagorri elkarteko lehendakaria). Epaileek 46 obren artean aukeratu dute "Un fuego rojo" bere originaltasunagatik, kolorearen erabileragatik non grisen paleta aberatsak kolore biziekin kontrastea egiten duen, orrialde bikoitzaren konposaketagatik, pertsonaien sekuentziazioagatik eta naturarekiko sentiberatasunagatik.

"Un fuego rojo"

Sekretuek barrenak jaten dizkigute, kiskali egiten gaituzte eta bakardade sakon batera garamatzate, zeren gehien arduratzen, hunkitzen edo mintzen gaituen hori ezin baitugu inorekin partekatu. Nola esan hitzez sekretu bat ezin bada sekretuei buruz hitz egin? Nola jarri irudiak? Erantzuna soila da: sekretuei buruz metaforak erabilita hitz egin daiteke. Sekretua su gorri bat da. Pertsona guztiek gutxi-asko sekretu bat dute. "Un fuego rojo" liburuko Pritak badauka, baita bere seme-alaba Keltik eta Kup ttikiak ere. Bi umeok dira album ilustratuaren pertsonaia nagusiak, finean, biak ala biak sekretua duen norbaiten konpainia ezinezkoa izan nahi dute. Istorio honetan irakurleak bakardadea, onespenik eza, helduen borroka antzua haurrak sekretuetatik landa egon daitezen, aitortzeko saiakerak, zenbaitetan ez ikusiarena egitea nahiago duen ingurukoen deserosotasuna ... dituzte mintzagai Corralek eta Orok.

Paloma Corral Madrilen lan eta bizi den ilustratzailea da. Complutense Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi, eta 2009an Parisera joan zen urtebeteko egonaldia egitera Hezkuntza Ministerioko beka bati esker. Ilustrazioez eta liburuez betetako Parisen, ilustratzailea izan nahi zuela konturatu zen. Madrilera itzuli zenean zenbait diseinu eta komunikazio estudiotan lanean aritu zen bitartean, ilustrazio ikastaroak egin zituen Kitty Crowther, Miguel Tanco eta Javier Zabalarekin, besteak beste. 2012tik argitaletxeentzat, diseinu estudioentzat zein erakunde publikoentzat ilustratzen du.  Ilustraziogintza eta hezkuntza uztartzen ditu, zeren haurrei zuzendutako tailer artistikoak ere egiten baititu liburutegietan, eskoletan edo ilustrazioari zein liburuari lotutako jaialdietan; helduei eskolak ematen dizkie Madrileko IED institutuan.

Begoña Oro Haur- eta gazte-literatur editorea izan ondoren, egun idatzi eta itzuli egiten du. Haur ugarik irakurketan lehenengo urratsak emateko baliatu dituzten hainbat testu libururen egilea da. Sari anitz jasotako egilea da. Bere lana zenbait hizkuntzatara itzuli dute. Bereziki ezagunak dira bere "La pandilla de la ardilla" (El barco de Vapor), "Misterios a domicilio" (RBA) eta "Cuentos bonitos para quedarse fritos" (Beascos).

 

Literatur-sormeneko Saria

Andrera Maceirasen "Rusgalia" obrak irabazi du aurtengo literatur-sormeneko Lazarillo Saria. Epaimahaikideak honakoak izan dira: Xose Perozo, OEPLIko lehendakarikidea eta OEPLIko lau lurralde-sekzioen izenean Marta Higueras, Joan Portell, Pilar Sampedro eta Larraitz Uria. Lazarillo Sariaren atal honetara 119 lan aurkeztu dira: 69 narratiban, 36 poesian eta 14 antzerkian. 108 gaztelaniaz idatzitakoak izan dira, 9 galegoz eta 2 katalanez.

"Rusgalia" lan irabazlea saritzeko epaimahaikideek ondoko arrazoiak eman dituzte: "Ongi jositako lana da eta hizkuntza poetikoz idatzita dago, non mundu galaktiko batera eramaten zaituzten eszena ezin ederragoak dauden. Mugarik gabeko irudimenaren aldeko apustua da, baita zientzia fikzioaren aldekoa ere".

Rusgalia Dot urruneko planeta bat da, Oma galaxian kokatuta dagoena. Naturarekin komunikatzeko gaitasuna duen Quepi txikia eta miresgarria bertan bizi da. Acasi aitonaren gomendioz, basoan galdutako etxola batean bizi da eta bere dohaina sekretuan gordetzen du. Quepiren bizitza monotonoa eta bakartia aldatuko da izaki misteriotsu batekin topo egiten duenean. Aurrerantzean Quepik arrisku guztiak hartuko ditu izaki berezi horren atzetik joateko. Udai anaiarekin batera bidaia bati ekingo dio non Oma galaxia zeharkatuko duen, baita haren mugaz beste aldeko toki ezezagunak ere.

 Andrea Maceiras (A Coruña, 1987) Filologia Hispanikoan doktorea eta Filologia Galegoan lizentziaduna da. Galegoz idatzi ditu haur- eta gazte-literaturako lanak. Egun irakasle eta idazle ogibideak uztartzen ditu. Sari ugari irabazi ditu. Zortzi eleberri publikatu ditu non identitatearen peskizaren gaia, arazo sozialak edota ezberdinaren balioa jorratu dituen. Besteak beste, honako lanak argitaratu ditu: "Violeta tamurana" (Baía, 2010, Premio Meiga Moira); "Nubes de evolución" (Xerais, 2013); "Volverás, golfiño" (Xerais, 2014); "Europa Express" (Xerais, 2015, Premio Jules Verne); "O que sei do silencio" (Xerais, 2018, Raíña Lupa Sariko finalista).