Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-01-19

2018ko BIKO-TEKA haurrentzako liburu ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartzeko azken egunak

BIKO
TEKA izeneko Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogin tza tailerraren 2018ko edizioa lau egun eta erdiz garatuko da. Urtarrilaren 15ean bukatuko da Galtzagorri Elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan burutuko duen BIKO-TEKA tailerrean parte hartu ahal izateko dokumentazioa bidaltzeko epea. Tailerra Iruñeko Descalzos Kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan gauzatuko da urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra. Bigarren urtean, lau egun eta erdiz burutuko da eta haurrentzako liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu eta marraztu lantzeaz gain, hau nola argitaratu ere jorratuko dute parte hartzeko hautatuak izango diren idazle eta ilustratzaileek osatutako 8 bikoteek. Ekimen hau Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren laguntzari esker burutuko da.

 

BIKO
TEKA lau egun eta erdiko ikastaro trinkoa izango da. Bertan, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute idazle eta ilustratzaileek binaka, Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen gidaritzapean. Euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute gainera parte hartzaileek aurten: liburu grafikoak argitaratzen dituzten Unai Pascual (Denonartean) eta Pello Elzaburu (Pamiela) editoreek tailerraren azken egunean saio bat eskainiko baitiete sortzaileei.

 

Besteak beste, honako edukiak landuko dituzte:

Zein da liburu ilustratu baten abiapuntua?

Nola eraikitzen da pertsonaia bat irudiz eta nola hitzez?

Zeintzu dira arketipoak eta nola funtzionatzen dute?

Nola sekuentziatzen da istorio bat?

Nola atera dakioke ahalik eta etekinik gehien irudizko lengoaiari, hitzek

diotena literalki ilustratu beharrean istorioari dimentsio berri bat emateko? Nola argitaratu liburu ilustratu bat?

Nola funtzionatzen du album ilustratuen edizioaren munduak gurean?

 

8 bikote bakarrik

Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko die beste hautagaien artean Galtzagorri Elkarteak. Guztira, 8 bikote onartuko dira eta horiek beka bana jasoko dute Iruñeko Descalzos kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan (Descalzos kalea 56, 2. solairua) goizez eta arratsaldez, urtarrilaren 29, 30, 31 eta 1ean, eta goizez bakarrik otsailaren 2an burutuko den formazio tailerrean parte hartzeko.

 

Azken egunak hautagaitzak bidaltzeko

Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 15a baino lehen bidali behar dute dokumentazioa Galtzagorri Elkartera: idazleek, gehienez ere, orrialde bateko idazlan labur bat aurkeztu behar dute; ilustratzaileek 3 ilustrazio. Bikotean aurkezten direnek, euren proiektuaren zirriborroa. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia. Parte hartzeko ez da lan argitaraturik izan behar eta hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

 

2017ko edizioaren arrakasta

2017ko martxoan burutu zuen lehen aldiz Galtzagorri Elkarteak Biko-Teka tailerra, Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez. Iruñeko Udalak babestuta, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso irakasle izan zituzten hiru egunetan zehar haurrentzako album ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartu zuten zortzi bikoteek. Bikote horietako batek (Ainara Azpiazu “Axpi”k eta Paula Estevezek) bertan abiatutako albumak irabazi zuen 2017an Etxepare Saria. Irabazle suertatu zen “Arraroa” (Pamiela) albumaz gain, tailerrean abiatutako beste zenbait lan ere aurkeztu ziren iazko sariketara.

 

Album ilustratu berrien akuilu

Tailerraren xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Aurten gainera, album ilustratuen edizioaren munduak gurean nola funtzionatzen duen arakatuko da. Hala, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.