Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-02-20

2018ko Ala Delta Saria Patxi Zubizarretarentzat

Edelvives Taldeak Haur Literaturako XXIX. Ala Delta Saria eman dio Patxi Zubizarreta idazleari “Korri, Kuru, Korri!” (gaztelaniazko “¡Corre, Kuru, corre!”) lanarengatik. Liburuak mutiko etiopiar batek Ingalaterrara bidean bizitako abentura zoragarria kontatzen du. Maiatzean izango da kalean, Edelvivesen eskutik.

 

Epaimahaiaren arabera, hamar urtetik aurrerako irakurleei zuzendutako Zubizarretaren lana “ahozkotasunari omenaldia egiten dion abentura zoragarria da, eta inmigrazioaren drama Ekialdeko kondairen tradizio literarioarekin uztartzen bete-betean asmatzen du”. Saria 12.100 eurokoa da, egile eskubideen gisan.

 

Jatorriz euskaraz sorturiko “Korri, Kuru, Korri!” eleberria ez da Ala Delta Saria eskuratu duen Zubizarretaren lehen obra. Izan ere, 2009an jaso zuen sari bera “Xia Tenzinen bidaia miresgarria” lanarekin. Azken eleberri honek Euskadi Saria ere jaso zuen 2010ean.

 

Patxi Zubizarreta Dorronsoro (Ordizia, Gipuzkoa, 1964ko urtarrilaren 25a) euskal idazle oparoa da. Euskal Filologiako ikasketak egin zituen Gasteizen, egun, bertan bizi da. Helduen Literaturan eta itzulpengintzan lan asko egindakoa den arren, Haur eta Gazte Literaturan argitaratutako lanengatik da bereziki ezaguna. Hiru aldiz eskuratu du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria: 1998an, Gizon izandako mutila lanarekin; 2006an Pantaleon badoa liburuarekin; eta 2010ean, esan bezala, Xia Tenzinen bidaia miresgarria lanarekin. Horrez gain, kolaboratzaile lanak ere egin ditu hainbat hedabidetan. Galtzagorriko kide da Zubizarreta aspaldidanik eta elkartearen hainbat proiektutan kolaboratzen du.