Hemeroteka


Elkarbanatu
2019-05-02

2018an Espainian argitaratutako liburuen 2. ohorezko zerrenda bildu du katalogo batean OEPLIk

“ESPAINIAKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA. OEPLI-REN LIBURU HAUTAKETA 2018” izena jarri dio OEPLIk, bere lau lurralde atalek egindako hautaketa lanaren ondoriozko Liburu/Katalogo honi. Iaz hasi zen Oepli katalogo hau osatzen, eta aurtengoa, bigarrena dugu. Katalogo hau Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren lankidetzari esker argitaratu da. Bertan, Espainiako lau hizkuntza ofizialetan 2018an argitaratutako 200 libururen aipamenak jaso dira. Kalitate eta egokitasun irizpideen arabera hautatuak izan dira guztiak. Horien artean, 0 eta 18 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako euskarazko 18 izenburuak Galtzagorriko kide diren Asun Agiriano bibliotekariak eta Miguel Asiain irakasleak hautatu dituzte.

OEPLIk eta bere lau lurralde atalek, Consejo General del Libro Infantil y Juvenil, Consell Català del Llibre Infantil i Juvenil (ClijCAT), Asociación Galega do Libro Infantil e Xuvenil (GÁLIX) eta Galtzagorri Elkarteak, “LITERATURA INFANTIL Y JUVENIL DE ESPAÑA. Selección OEPLI 2018” argitaratu berri dute. Liburu/katalogo hau 2018an zehar Espainian argitaratu ziren eta Estatuko idazle eta ilustratzaileek idatzi eta ilustratu zituzten Haur eta Gazte Literaturako liburu onenen hautaketa bibliografikoa da. Kalitate eta egokitasun irizpideen arabera egin da hautaketa lana, eta hain zuzen horregatik merezi dute liburu guzti hauek ohorezko zerrenda honetan egotea: egungo produkzio handiaren baitan esanguratsutzat ditugulako.

 

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 18 izenburu

Katalogoa osatzeko jatorriz Espainiako lau hizkuntza ofizialetan argitaratutako liburuak hartu dira kontuan soilik; Ez ordea, hizkuntza horietara itzulitako lanik. Hizkuntza ofizial horietako bakoitzean urtero argitaratzen den izenburu kopuruaren arabera, izenburu kopuru jakin bat hautatu ahal izan du lurralde-atal bakoitzak katalogorako.

Galtzagorri elkarteak bere lehendakari ohi diren bi adituri eskatu zien Ohorezko Zerrenda honetan parte hartuko zuten euskarazko izenburuen aukeraketa: hain zuzen ere, Asun Agiriano Arrasateko Haur Liburutegiko bibliotekariari eta Migel Asiain irakasle nafarrari. Bien artean hautatu zituzten 18 izenburu.

Azaleko ilustrazioa Paloma Corralek sortu du, Lazarillo sarietako album ilustratuen 2018ko irabazleak.

 

Nazioartean gure literatura sustatzeko baliagarri

Estatuko lau hizkuntza ofizialetan argitaratzen den Haur eta Gazte Literaturak kalitate eta edizio maila garrantzitsua erdietsi duela uste du OEPLIk. Eta hala, nazioarteko esparru linguistikoetan liburu hauen zabalkundea sustatzeko, itzulpen eta edizio eskubideen erosketa bultzatzeko eta zilegi diren interes komertzialen kalitatezko euskarri bat sortzeko asmoz, katalogo hau gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu da.

Katalogoa osorik deskarga daiteke hemen.