Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-05-12

2017an Espainian argitaratutako liburuen ohorezko zerrenda bildu du katalogo batean OEPLIk

“ESPAINIAKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA. OEPLI-REN LIBURU HAUTAKETA 2017” izena jarri dio OEPLIk, bere lau lurralde atalek egindako hautaketa lanaren ondoriozko Liburu/Katalogo honi. 2018ko Boloniako Azokan presente egon den Katalogo hau Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren lankidetzari esker argitaratu da. Bertan, Espainiako lau hizkuntza ofizialetan 2017an argitaratutako 200 libururen aipamenak jaso dira. Kalitate eta egokitasun irizpideen arabera hautatuak izan dira guztiak. Horien artean, 0 eta 18 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako euskarazko 20 izenburuak Galtzagorriko kide diren Asun Agiriano bibliotekariak eta Miguel Asiain irakasleak hautatu dituzte.

 

OEPLIk eta bere lau lurralde atalek, Consejo General del Libro Infantil y Juvenil, Consell Català del Llibre Infantil i Juvenil (ClijCAT), Asociación Galega do Libro Infantil e Xuvenil (GÁLIX) eta Galtzagorri Elkarteak, “LITERATURA INFANTIL Y JUVENIL DE ESPAÑA. Selección OEPLI 2017” argitaratu berri dute. Liburu/katalogo hau 2017an zehar Espainian argitaratu ziren eta Estatuko idazle eta ilustratzaileek idatzi eta ilustratu zituzten Haur eta Gazte Literaturako liburu onenen hautaketa bibliografikoa da. Kalitate eta egokitasun irizpideen arabera egin da hautaketa lana, eta hain zuzen horregatik merezi dute liburu guzti hauek ohorezko zerrenda honetan egotea: egungo produkzio handiaren baitan esanguratsutzat ditugulako.

 

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 20 izenburu

Katalogoa osatzeko jatorriz Espainiako lau hizkuntza ofizialetan argitaratutako liburuak hartu dira kontuan soilik; Ez ordea, hizkuntza horietara itzulitako lanik. Hizkuntza ofizial horietako bakoitzean urtero argitaratzen den izenburu kopuruaren arabera, izenburu kopuru jakin bat hautatu ahal izan du lurralde-atal bakoitzak katalogorako.

Galtzagorri elkarteak bere lehendakari ohi diren bi adituri eskatu zien Ohorezko Zerrenda honetan parte hartuko zuten euskarazko izenburuen aukeraketa: hain zuzen ere, Asun Agiriano Arrasateko Haur Liburutegiko bibliotekariari eta Migel Asiain irakasle nafarrari. Bien artean hautatu zituzten 20 izenburu.

Gainera, Elena Odriozolak egin du liburu/katalogo honen azaleko eta kontrazaleko irudia. Izan ere, 2018an H.C. Andersen Sarirako eta Astrid Lindgren Memorial sarirako OEPLIko hautagai izan da Odriozola.

 

Nazioartean gure literatura sustatzeko baliagarri

Estatuko lau hizkuntza ofizialetan argitaratzen den Haur eta Gazte Literaturak kalitate eta edizio maila garrantzitsua erdietsi duela uste du OEPLIk. Eta hala, nazioarteko esparru linguistikoetan liburu hauen zabalkundea sustatzeko, itzulpen eta edizio eskubideen erosketa bultzatzeko eta zilegi diren interes komertzialen kalitatezko euskarri bat sortzeko asmoz, katalogo hau gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu da.

Katalogoan euskaraz, gailegoz, katalanez eta gaztelaniaz argitaratutako 10 liburu hautatu dira 0-6 urte bitarteko haurrentzat; 58 izenburu, 6 urtetik gorako haurrentzat; 103, 9 urtetik gorakoentzat; 153, 12 urtetik gorakoentzat; eta 180, gazteentzat.

Katalogoa osorik deskarga daiteke hemen.