Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-11-29

2016ko lazarillo sarien irabazleen izenak jakitera eman berri ditu OEPLIk

"Barrios de colores" izeneko lanak irabazi du Album Ilustratuaren kategorian 2016ko Lazarillo Saria. Ana González Menéndez madrildarra eta Kike Ibañez Madrilen bizi den ilustratzaile donostiarra dira lan honen egileak. Sormen Literarioan, aldiz, "El Secrete de l'avi" Carles Cano Valentziako idazlearen lana gailendu da aurten. Kategoria bakoitzean, sariaren kopurua 3.000 eurokoa da. Sariak OEPLIk ematen ditu, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioaren babesarekin.

 

 

Espainiako Haur eta Gazte Literatura saririk zaharrena

Prestigio handikoa da Lazarillo saria, Espainiako haur eta gazte literatura saririk zaharrena da, gainera. Izan ere, Instituto Nacional del Libro Español erakundeak sortu zuen 1958an haur eta gazteentzat liburu onen sorkuntza sustatzeko helburuarekin. Gero, 1986tik aurrera OEPLI arduratu da urtero antolatzeaz bere bi modalitateetan: "Album Ilustratua" eta "Sorkuntza Literarioa", Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioaren babesarekin.

 

 

Album Ilustratuaren kategorian, epaimahaia honakoek osatu zuten: Sara Moreno Válcarcel, OEPLIko lehendakarikide moduan, eta, Teresa Durán, Ana Cristina Martín, Antonio Seijas eta Lorena Martínez OEPLIren lau atalen ordezkari gisa. Epaimahaikideek "Barrios de colores" lana hautatu zuten modalitate horretan aurkeztu ziren 58 lanen artean. Haien iritziz, obra honetan gauza sinpleek duten indarra eta zirrara nabarmendu dute.

 

Sormen Literarioaren atalean, berriz, epaimahaia honakoek osatu zuten:OEPLIko lehendakarikide Sara Moreno Válcarcelek, eta Teresa Corchete, Montse Pena, Arantxa Bea eta Aurelio Erdozain, OEPLI osatzen duten atal bakoitzaren ordezkaritzan.

Epaimahaiak "El Secrete de l'avi" lan irabazlearen honako balioak goraipatu zituen: kontatzen dituen istorioen originaltasuna eta obrak biltzen dituen ipuinen garapena, ipuin herrikoien egitura eta planteamendu tradizionaletik hasita kontakizun oso berritzaileetaraino. Sariaren sormen literarioaren kategoriara, guztira, 161 lan aurkeztu dira 2016an, horietatik 86 narraziozkoak, 56 poesia-lanak eta 19 antzezlanak. 143 gaztelaniaz idatzita, 10 gailegoz, 6 katalanez eta 2 euskaraz.