Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-04-08

2010eko Idazle Gazteako kiniela egin daiteke jada

 

Guztira, aurten 59 lan jaso dira Gipuzkoako DBHko hezkuntza zentro ezberdinetatik: horietatik, 19 Narrazioa A kategorian, 19 Narrazioa B Kategorian, 9 Poesia A Kategorian eta 12 Poesia B Kategorian.  Lanak jaso ondoren, Galtzagorri Elkarteko hautaketa batzorde batek gazteek idatzitakoa irakurri eta aukeraketa egin du. Ondoren Interneteko www.idazlegaztea.org helbidean zintzilikatu dira kategoria bakoitzetik aukeratutako lan onenak.

 

Iaz bezala, epaimahaiak lan onenen artean, hiru irabazleak ere hautatu ditu sail bakoitzean. Baina ikasleek idazlegaztea.org helbidean sartu eta kiniela bat bete dezakete, lanak irakurri ostean. Euren ustez, kategoria bakoitzeko irabazleak zein diren ipini, eta asmatzen dutenen artean, 3 liburu-lote zozketatuko ditu Galtzagorrik.

 

Orrialde horretara sartu, lanak irakurri eta edozeinek bozka eman dezake bertan maiatzaren 15a bitarte. Baina, pertsona bakoitzak kiniela bakarra emateko eskubidea izango du.

 


Sariak eta irabazleak


Lehiaketako sail eta kategoria bakoitzean sari nagusi bat eta bi sari osagarri banatuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak emanak. Irabazleek, esaterako, Galtzagorrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen LIBURU GAZTEA sariketako irabazleekin batera bidaia bat egin ahal izango dute ekainean. Iaz, Granadan izan ziren, adibidez, kategoria bakoitzeko lehenengo saria jaso zuten gazteak.


Gaiak bultzatuta

 

Idazle gazteak idaztera animatzeko eta euren narrazio zein poesia lanetan gai berriak aztertzera bultzatzeko asmoz, ikasturte honetan, zenbait gai proposatu zitzaizkien idazle gazteei. Aurreko urteetan Liburu Gaztea Sarian lehiatutako liburuetatik ateratako pasarteetan oinarritutako ideiak izan dira beraz, 2010eko Idazle Gazteako idazlanetan landu direnak.

 

Hauexek dira proposatu zaizkienak: 

1- "Astronauta ona izango nintzateke, nik uste. Astronauta ona izateko argia izan behar duzu, eta ni argia naiz". (Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia. Mark Haddon. Igela"

 

2-"Joaten banaiz, 

Dena atzean uzten dut;

Gelditzen banaiz,

Dena atzeratzen dut!".

(Ilargia Ezpainetan. Juan Kruz Igerabide. Erein)
 

 

3-"Gelditu autoa. Usaintzen al duk? Hemen zoriontasun urrina zagok, Grezian gaudek. Jendea geldirik zagok, astia hartzen ditek gu pasatzen ikusteko. Arnasa hartzen ditek. Konturatzen al haiz, Momo, nik bizitza osoan lan asko egin diat, baina oso astiro, patxadan. Ez nian buruketarik egin nahi, ez nitian gbezeroak desfilatzen ikusi nahi, ez horixe. Gelditasuna, horra hor, Momo, zoriontasunaren gakoa. Zer egin nahi duk handitan?". (Ibrahin Jauna eta Koranaren loreak. Eric-Emmanuel Schmitt. Patxi Zubizarretak itzulia. Erein)

 

4-"Abiapuntua munduko albisterik txarrena izan zen: astelehenean historiako azterketa Vinilorekin!

Azterketa edukiz gero hiru aukera daude. Lehenengoa: kopiatzea. Bigarrena: azterketa eta erantzunak lortzea. Hirugarrena ikastea da". (Pol eta Val. Josetxo Orueta. Joxean Sagastizabalek itzulia. Pamiela)

 

 Gazteen irakurzaletasuna bultzatu


Esan bezala, IDAZLE GAZTEA Sariak gazteak idaztera bultzatu nahi ditu. Era berean, aipatutako Internet bidezko kiniela-sistemari esker gazteen irakurzaletasuna sustatu nahi dute Galtzagorrik eta Gipuzkoako Aldundiak. (Ikus orain bi urteko sari banaketa ekitaldirako prestatu zen bideoa).

Aurtengo saridunen izenak ekainean emango dira ezagutzera.