Hemeroteka


Elkarbanatu
2008-09-16

2010. urteko Haur Liburuaren Nazioarteko Egunerako mezua eta kartela aukeratzeko lehiaketa

Hans Christian Andersen idazle danimarkarraren jaiotza oroituz, urtero apirilaren 2an, Nazioarteko Haur Liburuaren Eguna ospatzen da. Egun horretan munduko haur guztientzako mezua eta kartela plazaratzen du IBBY (International Board on Bookds for Young People) erakundeak. Egun horren ospakizunaren helburua haurren artean liburua eta irakurketa goratzea delarik.

OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil) IBBYri proposatu zion 2010. urteko Haur Liburuaren Eguneko kartela eta mezua Espainiako Estatuko ilustratzaile eta idazle batek egitea. Honek onartu ondoren, OEPLI-k, Kultura Ministerioaren laguntzaz, aipaturiko mezua (gutxienez IBBY osatzen duten 60 herrialdeetako hizkuntzetan zabalduko dena) eta egun hori iragartzeko kartela osatuko duten testu eta ilustraziorik onenak aukeratzeko lehiaketa deitu du.

Parte hartzeko baldintzak

Lehiaketaren oinarriak hementxe ikus ditzakezue. Lehiaketan Estatuko idazle eta ilustratzaileek parte hartu dezakete. Baldintza batekin: gutxienez haur eta gazteentzako lan bat argitaratu duten idazle eta ilustratzaileek soilik aurkez ditzakete lanak. Testuei dagokienean, Estatuko edozein hizkuntza ofizialetan aurkez daitezke, beti ere, euskaraz aurkeztekotan, gaztelerazko itzulpena atxiki beharko zaiolarik.

Lanak aurkezteko epea berriz, 2008ko urriaren 17an amaituko da. Saria 5.000 eurotakoa izango da, 2.500 euro modalitate bakoitzerako.

Galtzagorri OEPLIren euskal atala den neurrian, lehiaketara aurkeztera animatzen ditugu euskal idazle eta ilustratzaileak. Izan ere, eta lehen esan bezala, lehiaketa irabazten duten mezu eta kartela munduan zehar zabalduko baitira, gutxienez 60 herrialdeetako hizkuntzetan.