Hemeroteka


Elkarbanatu
2008-04-10

2008ko Idazle Gaztea aukeratzeko bozkatzen has zaitezkete

Guztira, aurten 85 lan jaso dira Gipuzkoako DBHko hezkuntza zentro ezberdintatik: 33 lan aurkeztu dira Narrazioa A kategorian eta beste 32 Narrazioa B kategorian. Poesia A kategorian berriz 15, eta 5 lan Poesia B kategorian. Lanak jaso ondoren, Galtzagorri Elkarteko hautaketa batzorde batek gazteek idatzitakoa irakurri eta aukeraketa egin du. Ondoren Interneteko www.idazlegaztea.org helbidean zintzilikatu dira kategoria bakoitzetik aukeratutako lan onenak. Orrialde horretara sartu, lanak irakurri eta edozeinek bozka eman dezake bertan maiatzaren 15a bitarte, eta horrela izango dira aukeratuak sail eta kategoria bakoitzetik hiruna lan. Pertsona bakoitzak boto bakarra emateko eskubidea izango du.

Gero eta gehiago dira bozketa honetan parte hartzen dutenak, 2006-2007an adibidez, 7.067 lagunek bozkatu zuten.

Sariak eta irabazleak
Lehiaketako sail eta kategoria bakoitzean sari nagusi bat eta bi sari osagarri banatuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak emanak. Irabazleek, esaterako, Galtzagorrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen LIBURU GAZTEA sariketako irabazleekin batera bidaia bat egin ahal izango dute ekainean. Iaz, Portugalen izan ziren, adibidez, kategoria bakoitzeko lehenengo saria jaso zuten gazteak.

Bestalde, bozketan parte hartzen dutenen artean ere saria zozketatuko da: liburu eta disko lote bat, hain zuzen. Horrez gain, saridunen lanak Galtzagorriko web gunean (www.galtzagorri.eus) argitaratuko dira.

Idazle Gazteentzat idaztea zer den
Iaz, Idazle Gazteako sarituei, sari banaketa ekitaldian beraientzat idaztea zer zen azaltzea eskatu genien. Hauexek izan ziren idazle gazteen hitzak:

Iker Lizeaga: “Idaztea, beste mundu desberdin batean murgiltzea da, zeuk bakarrik ezagutzen duzun mundu batean. Zu bakarrik zaude zeure irudimenarekin. Zeu zara nagusi, soilik papera eta boligrafoa eskutan duzularik”.

Imanol Iraola: “Nire pentsaerak, sentimenduak… hitzez-hitz besteei adieraztea da. Txikitan ikasi duguna praktikan jartzea da idaztea”.

Garazi Usandizaga: “Niretzat idaztea fantasiazko mundu batetaraino salto egiteko aukera da, nire neurrira egindako mundu irreal batetara, eta idaztean nolabait mundu horretan gertatzen dena kanporatzen saiatzen naiz”.

Ainhoa Mariezkurrena: “Irakurleari egunerokoa ez den sentsazio bat uztea. Bai zuen eta bai nire imajinazioa martxan jartzea, ametsetan murgiltzea. Hori da niretzat idaztea”.

Iraitz Ugalde: “Zer da idaztea? Idaztea malkoen tinta gardenaz entzuten dakiten orriak zikintzea da. Ordu txikitan, grafia zirriborratuz, amesten hasi aurreko une nahasiren batean…”

Mikel Manzisidor bi aldiz irabazleak, narrazioa idaztea eta poesia idaztea zer zen beretzat adierazi zigun, hona bi esaldiak:
Narrazioa: “Errealitatetik aldentzeko eta fikziozko mundu ezberdin bat sortzeko askatasuna ematen dit narrazioak niri, nahi ditudan txoko, pertsonaia eta ekintzak nahasteko aukera”.
Poesia: “Barrena husteko bide bat izan liteke niretzat, pentsatzen edo sentitzen dudana transmititzeko tresna. Nolabait, nire barrena islatzen duen ispiluaren modukoa”.

Gazteen irakurzaletasuna bultzatu
Esan bezala, IDAZLE GAZTEA Sariak gazteak idaztera bultzatu nahi ditu. Era berean, aipatutako Internet bidezko bozka-sistemari esker gazteak eta orokorrean edonork epaimahai gisa parte har dezakeenez, gazteen irakurzaletasuna sustatu nahi dute Galtzagorrik eta Gipuzkoako Aldundiak. (Ikus iazko sari banaketa ekitaldirako prestatu zen bideoa).

Aurtengo saridunen izenak ekainean emango dira ezagutzera, horretarako Donostian egingo den ekitaldi berezian. Ekitaldi berean, LIBURU GAZTEA ekimeneko irabazleen izenak ezagutaraziko dira.