Elena Odriozola ilustratzaileak eta Gustatvo Puerta editoreak Liburu ilustratuak editatuz konplikatzen dugu bizitza titulua ipini zioten MarraziOak tailerraren aurtengo edizioari. Hamar ilustratzailerekin batera aste osoan zehar aritu dira Undermount elkartean, Igeldon, lan eta lan. Guraizeak, grabatuak egiteko gubiak, pegamentua, paper zatiak, erregelak eta beste erreminta batzuk ikusi ditugu lan-mahaiaren gainean. Beharbada inoiz baino erreminta gehiago errotulagailuen eta margoen artean. Zenbait kulturetako tradizioko kontakizun epikoak izan ziren abiapuntuak. Are, ilustratzaileek haien gaineko ilustrazioak eginda ekarri behar zituzten. Gustavo Puerta: «Lehenengo egunean desmuntatu egin genituen beren lanak. Helburua ez zen legenda hori bera irakurgarri egitea, haurraren atentzioa harrapatzeko moduko artefaktu bat sortzea baizik eta artefaktu hori liburu bilakatzeko ibilbidea egitea».
Horretan aritu dira eta ariketak ilustratzaileei ohiko lan egiteko moduetatik atera eta gubia, guraize eta elkarri itsatsitako paperetara eraman ditu. Gustura ibili direla esan digute, hamar parte-hartzaileen artean azken lau edizioetan parte hartu dutenak egon dira, baita ilustratzaile berriak ere. Denentzat aberasgarria izan da, hitz hori erabili dute eta gehitu dute aho batez «luxuzko gidariak» izan dituztela. Ohiko lan egiteko moduetatik ateratzeari dagokionez, galtzeko denborarik ez dutela izan gehitu du ilustratzaile batek, «berehala zuzentzen ziguten norabidea».
Ez da Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak gidatzen duten lehenengo MarraziOak. Puertaren hitzetan, «tailerra prestatzen dugunean ilustratzaileengan abilezia batzuk garatu daitezen nahi izaten dugun, kanpotik zerbait hartu eta barruan daramana gara dezan. Oraingoan kontrako norabidea aukeratu dugu, ideia bat ateratzea baino ideia hori materializatzeko bideak urratu nahi izan ditugu, gure kasuan, liburu bat egitea guk geuk liburugile bezala dugun esperientziatik abiatuta».
MarraziOen azken egunean, lan-mahaian abiapuntu horretatik helmugaraino egin duten ibilbidean agertu diren artefaktuen lorratzak zeuden; bazeuden baita ere, handik abiatuta sortu dituzten liburuen zirriborroak.
Ilustratzaileei eskaintzen diegun MarraziOen azken egunean, hango giroa ikusita eta sentituta, tailerra antolatu ahal izanagatik poza baino ez dugu Galtzagorrin. Eskerrak Gipuzkoako Foru Aldundiari, babesagatik. Hurrengo urtean beste bat!