Hemeroteka

2022-10-27

14. Gonagorria zuzenean grabatu dugu

Kutxa Kultur Klubean, Tabakaleran, grabatu dugu Gonagorri poscastaren 14. pieza, zuzenean! Irakurle-esperientziak partekatu dituzte Aiala Garabietak, Eider Rodriguezek, Jon Martinezek eta Antton Olariagak solasaldian. Zer dago lehenengo, irudia ala hitza? Galdera horretatik abiatuta ehundu dugu dagoeneko entzungai daukazuen hizketaldia. Ez dugu askoz gehiago argituko, entzuteko irrika sor dakizuen. Solasaldiaren ostean Formol Laborategiko Intza Alkainek eta Mikel Ibargurenek Zer demontre dago ohe azpian? (Harkaitz Canok idatzi eta Lorena Martinez Oronozek ilustratutakoa, Pamiela, 2016) liburuaren zenbait pasarteren irakurketa dramatizatua egin zuten. 

Zuzenean grabatu genuen eta publikoa izan genuen. Hain zuzen, Donostiako Jesuitinas ikastetxeko eta Axular Lizeoko DBH4ko ikasleek osatu zuten publikoa eta haietako bik: Ander Gorrotxategik eta Maddi Villarrealek egin zituzten gomendioak. 

Hemendik entzun dezakezue pieza berria edo ivoox edo Spotifyren bitartez. 

Gozatu!