Título:
Kalezulo
Escritor:
Jesus Mari Mendizabal Iraola
Editorial:
Alberdania
Año:
1997
Colección:
Ostiral
Número de páginas:
144
Reseñas:
- Jose Jabier Fernandez, Egunkaria 1997ko uztailaren 5a Kalezulo Jexuxmari Mendizabal Bizargorri-k idatzitako azken lana da. Lehenago beste bost liburu argitaratu ditu. Horien artean azkena izan zen "Leizezulo", lan honen sail berean kaleratu zuen. Sail hori Ostiral saila da eta, bertan, Alberdania etxeak irakurle guztientzat diren arren bereziki gazteei zuzendutako liburuak plazaratzen ditu. Sail interesgarri horren barnean liburu ederrak eta gozagarriak argitaratu dira. Besteen artean Sagastizabalen "Kutsidazu bidea, Ixabel", Mujika Iraolaren "Hautsaren kronika" eta Zubizarretaren "Eztia eta ozpina" nabarmenduko nituzke.
Mendizabalen lan honek aurreko liburuen antzeko bidea hartzen du. Hots, liburu laburra da, kontakizun azkarra, gaurkotasuna eta egungo kezkak dituena. Hala ere, beraien artean, desberdintasun asko daude, bakoitzak bere mundua propioa sortu du. Hemen aurkezten dizuedan lan honetan, adibidez, drogaren unibertsoa gerturatzen digu. Gai zaila, konplexua, askotan baztertua, baina dudarik gabe interesgarria eta beharrezkoa.
Gure gizartea behin baino gehiagotan arazo honi bizkarra emanez bizitzen saiatu da. Badirudi, gizarteak, egun duen arazo larria baldin bada ere, nahiago duela bizkarra eman. Arazoa aztertzen denean, gainera, kontsumoaren aldetik eta horrek sortzen dituen kalteak aipatuz aztertzen da, askoz ere konplexuagoa dela kontuan hartu gabe.
Mendizabalen azken lan hau eleberri bat da. Bertan, Irungo hiru gazteren astebukaera bat kontatzen zaigu. Gazte horiek droga munduan sartuta daude. Eleberrian kontatzen den erabateko aldaketaren lekuko izango dira.
Liburua ondo idatzita dago. Alberdaniaren sail honen filosofia jarraituz, estiloa zuzena eta azkarra da. Hala ere, askotan gaia edo eginkizunak azaltzeko orduan beste erritmo lasaiago baten falta sentitu dut. Baliteke idazlearen asmoa drogan sartutako gazteen bizitza zuzenki islatzea izatea, baina pasarte askotan narrazioaren bizitasunak argudioari kalte egiten dio.
Gaiaren aldetik, inpresio ezberdinak izan ditut. Hasieran, liburua irakurtzen nuen bitartean eta, gero, liburua bukatu ondoren, gaiaren tratamenduari zerbait falta zitzaiola iruditu zait. Bakoitzak bere izaera eta iritzia du, eta lehenengo inpresio honetan nirea islatzen ari naiz. Eta agian hori da Mendizabali ere eskatzen diodana. Hots, bere asmoak garbiago azaltzeko, gaiaren jatorria eta garapena zuzenki adieraziz.
Gero, arazoa bere osotasunean aztertu ondoren pasa den urtean ikusitako filme bat gogoratu dut: "Trainspotting". Bertan, drogaren mundua eta horrek gazte talde bati eragindakoa azaltzen zen. Istorio interesgarri hartan ez zitzaigun arazoren muina azaltzen, ez zitzaigun azalpen handirik ematen. Filmeak, besterik gabe, unibertso hori azaltzen zigun, bere alde guztiak kontutan hartuz, bai onak eta bai txarrak ere.
Batzuen iritziz filmea arriskutsua zen, drogaren arazoa era arin batean azaltzen baitzuen. Beste batzuentzat, berriz, filmea arazoa soilik azaltzen zuen, besterik gabe, eta bestelako zerbait egotekotan ikuslegoaren eskuetan uzten zuen.
Mendizabalen liburuarekin, orain, bigarren inpresio hori daukat. Bihar, agian, beste bat izango da. Ez dakit. Garrantzizkoena, ordea, lortzen duela iruditzen zait.
Askotan bizitzak eta gizarteak azkartasunera bultzatzen gaitu. Arin eta azkar bizi behar da, ez dago denborarik. Ondorioz, gai gehienak ez dira planteatu ere egin behar, gizarteak berak ematen baitizkigu arazoen konponbideak hainbat iturritik. Pentsatu, gauzei eta buruari bueltak eman, kaleko arrazoiak aztertu, gure gizatasunari begiratu... hori guztia soberan omen dago, eta horrela pentsatzen ez dutenentzat gero eta leku txikiagoa gelditzen da. Baina hor dago oraindik.