Mariasun Landa idazlea, Maite Gurrutxaga ilustratzailea, Andere Garabieta eta Urko Urrutikoetxea booktube egileak elkartu ditugu belaunaldi ezberdinetako irakurleek bertatik bertara euren esperientziak parteka ditzaten. Publikoa osatu duten Arantzazuko Ama ikastetxeko 3. DBHko bi ikaslek liburu-gomendioa, eta Oier Guillanek irakurketa dramatizatua zuzenean egin du.
Solasaldiaren eta irakurketa dramatizatuaren bideoak ikusteko, egin klik hemen.
Alaitz Olaizola dramaturgoa eta gidoigilea da. Hogei urte dira haurrekin antzerkian hasi zela eta ordutik ez du utzi, astero aritzen da. Haurren eta gazteen sormenari entzun eta hura xaxatzen du. Emaitza haiek sortutako antzezlana da, haiek jokatuko dutena. Antzerkiaren bitartez sortzen diren espazio seguruez aritu gara, besteren artean, Olaizolarekin. Kontaketa Iuri Roman gaztetxoak egin du eta gomendioa, Lore Agirrezabalek.
Harkaitz Cano idazleak, Begoña Durruty ilustratzaileak, Lili Aizpurua eta Lide Santos gazte ordiziarrak —biak irakurle sutsuak— parte hartu dute solasaldian. Ipuin kontaketa Dejabu laborategiko Miren Alcalak egin du. Publikoan Ordiziako Oianguren BHI eta Oiartzungo Elizalde BHI institutuetako ikasleek osatu dute publikoa. Oiartzungo Irene Arozena eta Leire Erzibengoak liburu-gomendioak egin dituzte.
Pello Añorgarekin haur eta gazte literaturako gaiztoez, itzalez eta ilunaz mintzatu gara. Iluntasunak betetzen duen funtzioaz, ontasun/gaiztakeria binomioaren alderdi moralaz eta itzalaren azalpen psikologikoaz. Hori guztia Añorgaren bibliografian barrena ibilbide bat eginda ekarri dugu. Kontaketa Nerea Ariznabarretak egin du eta gomendioa Lore Agirrezabalek.
Miren Billelabeitiak urte asko egin ditu gaztetxoekin literatura lantzen eta bere praktikak aletzeko eskatu diogu. Solasaldi luzea atera zaigu oso interesgarria izan baita esateko duena entzutea. Besteak beste, gazteek ez dutela irakurtzen, hain zabalduta dagoen baieztapena ukatu du. Kontaketa Mireia Delgadok egin du, a capella! Eta gomendioa, Lore Agirrezabalek.
Testuak eta ilustratzioak kanpotik begiratuko ditu eta kanpora testu zein ilustrazio bila joango da editorea, besteak beste. Garazi Arrula Txalapartako editorearekin hitz egin dugu eta haren begietatik ikusi dugu eukarazko haur eta gazte literatura. Kontaketa Pamiela argitaletxeko editore Carmen Elvirarena da eta gomendioa, Lore Agirrezabalena.
Sare sozialak mintzagai hartu eta Lili Aranbururi egin diogu elkarrizketa, euskaraz ari den booktuber eta bookstagramer bakarra da bera. Sareetan, Lili Buru ezizenez ezagutzen dute eta pieza honetan bere arrakastaren sekretua zein den argitu digu. Horrez gain, Andere Garabietaren kontaketa eta Lore Agirrezabalen gomendioak.
Idoia Sobrino liburuzainarekin egon gara eta hark azaldu digu zergatik diren garrantzitsuak liburutegiak eskoletan, eta zergatik diren ezinbestekoak liburuzainak eskolako liburutegietan. Planteamendua oso soila dirudi, baina praktikan guraizeekin moztu duten baliabidea da; liburutegiak gera daitezke, baina liburuzainik gabe, eta hori aroztegiari arotza erauztea bezala da. Kontaketa Amaia Irazabalek egin digu eta gomendioa, Lore Agirrezabalek.
Jon Zabaleta ilustratzaileak irudietan ikusten du mundua, hitzak beranduago datozkio burura, baita bihotzera ere. Bere memorien zati bat kontatu digu, baita gaur egungo jarduna ere, naturara hain lotuta dagoena. Odei Arregik Juan Kruz Igerabideren ipuin bat moldatu eta kontatu digu, Zabaletak ilustratua. Lore Agirrezabalek ilustratzailearen lanen eta estiloaren iruzkina osatu du.
Maite Mutuberriak eta Iñigo Astizek osatzen duten bikote sortzailearengana jo dugu eta Joemak eta polasak (Elkar, 2019) poema-liburu ilustratua nola sortu zuten kontatu digute, besteren artean. Patxi Zubizarretak Wang Fô-ren ipuina ekarri digu, eta ez da kasualitatea bikote sortzaileez ari garen honetan. Lore Agirrezabalek bikotu diren sortzaile euskaldunen eta haien uztaren berri eman digu.
Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azokaren sorrera, ezaugarriak eta urriaren 20an eta 21ean egingo dugun hirugarren edizioaren berri eman digu Amaia Hennebutte feriako arimetako batek. Kontaketa Pello Añorgak egin du eta gomendioak azokan izan diren Hegoaldeko zein Iparraldeko haurrek egin dituzte.
Manu Lopez Gasenik haur eta gazte literatura eta itzulpena josi dizkigu ikuspuntu historiko batetik. Euskarara ekarritakoa, ekarritakoaren eragina, argia eta ilunak. Euskara ez den beste hizkuntza bat ere ekarri dugu itzulpengintzari buruzko pieza honetara.
Zergatik klasiko? Zein ezaugarri dituzte? Zein da hitz bideko narratiba? Eta ilustrazio bidezkoa? Juan Kruz Igerabidek eta Maite Gurrutxagak kontatu digute. Finean, ahozkotasunetik datozen eta hitz bidez finkatzen diren ipuinak dira, denboraren joanari eusten diotenak.
Joxemari Carrereri galdetu diogu nerabeei nola kontatzen dizkien ipuinak. Nola galdetu, eta mundu bat ireki digu azaltzeko nola horretan kabitzen direla nork kontatu eta nori kontatu; hain justu bi horien arteko harremanak sortzen duela kontaketa.
Itziar Zubizarretarekin mintzatu gara alfabetoei buruz. Diotena baino gehiago esaten ez diotenari erreparatzeko gomendioa egin digu. Finean, jolasa eta ingenioa direlako alfabetoen hezur eta mami. Ahozko tradizioak ekarri ditu gugana, hitzekin liburuak ez zeudenean ere jolastu baitira izakiak. Alfabeto asko dago haur- eta gazte-literaturan; euskaraz, ordea, ez dago hainbeste eta guk gehiago nahi ditugu.
Irakurle-esperientziak partekatu ditugu zuzeneko Gonagorrin. Kutxa Kultur Klubean elkartu ditugu Aiala Garabieta, Eider Rodriguez, Jon Martinez eta Antton Olariaga. Zer dago lehenengo, irudia ala hitza? Formol Laborategiak kontaketa, gomendioak publikoak eman ditu, klubera hurbildu diren Donostiako Jesuitinas eta Axularreko ikasleek.
Solasaldiaren eta irakurketa dramatizatuaren bideoak ikusteko, egin klik hemen.
Ibon Egañarekin lotu ditugu haur eta gazte literatura eta hezkuntza. Irakaslegaiek aukera dute HGLz ikasteko unibertsitatean? Ateratzen direnean eta lanean hasten, makulurik ba al dute haur eta gazte literaturaren bitartekari izateko? Makulua izan liteke formakuntza, baliabideak, erremintak. Argi eta itzal artean egin dugun pieza da, zarata artean ere bai. Argiekin geratzen gara liburuak zapata azpian.
Mariasun Landarekin aritu gara haur eta gazte literatura modernoaren hastapenaz, errealismo kritikoaz eta umoreaz, literatura honen garrantziaz, idazlearen hasieraz eta jardunaz, bere irakurle-esperientziaz… Solasaldiak harribitxi ugari utzi dizkigu, hala nola: zergatik idatzi? «Irakurtzen ari zaren horri erantzuteko».
Gerrari buruzko pieza egin dugu eta saiatu gara gerrari buruz ahalik eta gutxien hitz egiten. Gonagorri honetan piztiak agertzen dira, horiek saihestezinak ziren, baina beste zidor batetik jo dugu. IBBYaren jarduna azaldu digu Izaskun Jauregi Galtzagorri elkarteko idazkari teknikoak. Horrez gain testigantzak ekarri ditugu eta liburu-zerrendak.
Hitzik gabeko liburuek erabiltzen duten hizkuntza bisualari buruz aritu gara Mikel Ayerbe EHUko literatura irakaslearekin. Albumez gain hitzik gabeko liburu asko dago. Ez dira halere liburu mutuak, komunikatzen dute eta gure baitan haientzako hitzak bilatzen ditugu., bilatu eta sortu. Irudietan geratzeko gonbidapena egiten dute aukeraz betetako hitzik gabeko liburuek.
Komikia literatur generoa dela aldarrikatzera gatoz eta, Amaia Serrano irakaslearen eskutik, generoaren berariazko ezaugarriak aletu ditugu, baita euskaraz dagoen aukeren berri eman ere. Gero eta komiki gehiago dago liburu-denda eta liburutegietako apaletan. Izan ere, binetek jarraian doan testuak bezainbeste geruza izan ditzakete.
Fikzio digitalak obra narratiboak dira eta oraingoan «haurrek eta gazteek kalitatezko kultura bideo-ludikoa edukitzeko eskubidea» dutela esatera gatoz. Hitzok Lucas Ramadarenak dira, harena da pieza honetako teoria. Praktika, aldiz, Intza Alkainen eskutik dator. Zer diote eskoletan fikzio digitalak aurkezten dituenean?
Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin hizketan eta aurreneko galdera honakoa: haurrak ginenean irakurri genituen liburuen istorio gogoangarrienekin batera ez al datorkigu irudi bat? Ilustrazioak irakurri daitezkeelako irakurtzen dituzte haurrek. Are gehiago, ilustrazioek alfabetizazio bisualaren ardatza dira, mundua eta ingurua azaltzeko hitza bezain indartsua den erreminta. Eta, noski, ilustratzaileen langintza lanbidea da.
Zer edo zer erakutsi nahi dien artefaktua al da gazte literatura? Kanpoan ikusten ez duten utopia gezurti bat kontatzen al die? Dezepzionatzen ditu? Mesfidati bihurtzen dira? Balio eta ikasgai saltzaile gisa ikusten dute bitartekaria? Galdera-markaz bete zaigu Patxi Zubizarreta idazlearekin partekatu dugun Gonagorriren pieza hau.
Karla Fernández de Gamboa Vázquezek kontatu digu, besteak beste, album ilustratuen irakurleek ez dutela adin jakinik, albumetan hitz bidezko kodea eta irudizkoa ezkontzen direla eta biak direla ezinbesteko, albumetan irudiak ere irakurtzen direla eta kalitatezko albumen irakurketak askotarikoak izan daitezkeela geruza asko dituztelako.
Literatura gure baitan sartzea da, Juan Karlos Alonsoren esanetan: «Buruarekin eta bihotzarekin bidaia egitea da». Irakurleak ukitu eta hunkituko ditu benetako literaturak, emozioen edo balioen errezeta-liburuek, ordea, nekez mugituko dizkie barrenak. Izan ere, literatura askatasuna da, transgresioa da eta berez sortuko ditu eraginak aurrez inolako helbururik zehaztu gabe.
Ahozko ondarea ura bezalakoa da, ez dago sekula geldirik eta kontatzen dugun aldiro biziberritzen da. Mitoak, alegiak, baladak... Den-denak dira ahozkotasunaren erreinukoak eta, badakizu? Gazteen eremukoak dira. Gaztaroan barruan lehertzen den sumendiari jarritako hitzak dira mitoak. Izan ere, gazteei tradizio bat ez badiegu jartzen, beren kabuz asmatuko dutela kontatu digu Juan Kruz Igerabide idazleak.
Sexualitatea arantzaz bete dugun gaietako bat da, eta arantzak are gehiago zorrozten dira gaia haurrei eta gazteei ematen diegunean. Baina, sexualitatea fikzioaren pasaiaren parte da, bizitzan bezala fikzioan ere sexua gertatzen delako. Gaia lantzerakoan, beraz, errezetek ez dute balio, ezta irakasgai jakinen mesedetan eraikitako narrazioek ere, irakurleek iruzurra usaintzen dute eta. Honetaz guztiaz Mireia Delgado pedagogoarekin hitz egin dugu.