Hemeroteka


Compartir
2024-10-31

Zuzeneko Gonagorria egin dugu

Gonagorri podcastarekin hasi ginenean, denboraldi bakoitzeko zuzeneko bat egiteko erronka jo genuen. Ordutik, 30 pieza egin ditugu eta 30.ena —aurkezten dizuegun hau—, hirugarren zuzenekoa da. Lehenengoa egin genuenean, Antton Olariaga ilustratzaileak hasierako galdera proposatu zigun: zer dago lehenengo, irudia ala hitza? Galdera hartatik abiatu ditugu hurrengo biak ere eta, zer diren gauzak, hiru pieza oso ezberdin atera dira abiapuntu bera izan arren. Egia da solaskideak aldatu ditugula eta horrek ere eragin handia duela edukian. Hori guztia esanda, hirugarren zuzeneko honetan Lili Aizpuruak, Lide Santosek, Begoña Durrutyk eta Harkaitz Canok parte hartu dute solaskide gisa. Dejabu antzerki laborategiko Miren Alcalak irakurketa dramatizatua egin du. Publikoan, Ordiziko Oianguren Institutuko DBH4ko ikasleak eta Oiartzungo Elizaldeko maila bereko ikasleak izan dira; tartean, liburu-gomendioa egin duten Irene Arozena eta Leire Erribengoa. 

Durruty eta Cano ezagunak dira, baina nor dira Aipurua eta Santos? 15 urteko bi neska dira, Ordiziko Oainguren Institutuko ikasleak. Biak dira irakurle amorratuak, bakoitza bere erara eta akaso ez helduok aurreikusten dugun moldeetan. Irakurle, idazle eta ilustratzaile hauek aho zabalik utziko zaituzte, entzule. Eta zein ederra Canorekin eta Durrutyrekin josi zuten elkarrizketa. Enrtzun, entzun, entzun...

Miren Alcalaren irakurketa dramatizatua, publikoaren entzumenaren isiltasunean, zoragarria da. Ez dugu hemen zer irakurri duen aurreratuko, hitz-gako bat baino ez: hegalak. Oiartzungo gazteek zer gomendatu zuten ere ez dugu argituko, gustura irakurtzen duten fikziotik gutxi duen eleberri bat da, ustez helduentzat sortua.