Hemeroteka


Compartir
2016-04-10

Zientzian inspiratutako ipuinen VI. Lehiaketa

Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren (CSIC) Kataluniako Ordezkaritzak eta Bartzelonako Materialen Zientzien Institutuak antolatuta Inspiraciencia,  Zientzian Inspiratutako Ipuinen VI. Lehiaketa jarri da martxan.

Egitasmoak literatura eta zientzia era ludiko eta parte-hartzailean uztartzen ditu. Fikzioaren bitartez zientzia pentsatu eta irudikatzeko toki bat izan nahi du. Helburu nagusia sormena eta jarrera zientifikoa sustatzea da, aurretik irudikatuak izan ez diren errealitateak pentsatzeko modu gisa.

Helduei eta gazteei zuzendutako ipuin laburren lehiaketa da eta bi kategoria ditu: 18 urtetik gorako helduena eta 12 eta 17 urte bitarteko gazteena. Lanak, gehienez 800 hitzeko ipuin laburrak, euskaraz, galegoz, gazteleraz edo katalanez aurkez daitezke.

Gaia eta formatua libreak dira, baina zientzia agertu behar da istorioan, bai gai nagusi gisa, bai bigarren mailako gai gisa. Inspiraziorik ez dutenetzat dekalogo bat ere prestatu dute: http://www.inspiraciencia.es/images/pdf/decalogo-eu.pdf

Parte-hartzaile bakoitzak ipuin bat baino gehiago aurkez dezake, gehienez lau, betiere baldin eta hizkuntza ezberdinetan idatzita badaude. Partaide beraren ipuin guztiek originalak izan behar dute; hots, ezingo da ipuin berdina aurkeztu hainbat hizkuntzatan.

Lehiaketan parte hartzeko azken eguna 2016ko maiatzaren 19a da.

Informazio gehiago lehiaketaren oinarrietan.

Nola parte hartu?

Lehenik eta behin, “Erregistratu” atalean izena eman beharko da; horretarako, atal horretan ageri den formularioa bete. Erabiltzaile-izena eta pasahitza lortutakoan, bakoitzak bere ipuinak argitaratu ahal izango ditu, eta, hala, publikoaren sariketan parte hartu. Erregistratzeko formularioan norberak bere ipuinak sinatzeko erabiliko duen ezizena adierazi behar da.

Sariak

Sari hauek aurreikusten dira: alde batetik, sari instituzional bat kategoria eta hizkuntza bakoitzeko, eta, bestetik, publikoak emandako saria: gailu elektronikoak, dibulgazio-liburu eta -aldizkariak, idazketa ikastaroak eta antzeko lantegiak. “Sariak” atalean duzu haien berri.

Zure KLASIKOAREN zientzia

Aurten lehiaketaren barruan sail berri bat ireki da. Parte-hartzaileek literaturaren klasiko baten irakurketa komentatu ahalko diote elkarri, eta obra horretan aurkitutako zientziaren inguruan jardungo dute. Gomendatu nahi duten irakurgai baten aipu bat, bideo bat eta liburu baten irudi bat partekatu ahal izango dituzte. Bakoitzak bere kontuaren profilean, gomendioak helarazteko formularioa izango du eta horren bidez parte hartu ahal izango du sail honetan.

Sail honen oinarrietan jartzen duenez, bideoek gehienez 2 minutu izan beharko dituzte, eta, honakoak adierazi daitezke:

- Zein klasiko aukeratu duen bakoitzak eta zergatik

- Obran aurki daitekeen zientzia edo obrak zientziarekin duen harremana

- Zergatik gomendatzen dien liburu hori beste pertsona batzuei