Hemeroteka


Compartir
2008-03-07

Zein den eta zer egiten duen ipuin-kontalariak

Topaketen IV. Edizioa izan da Hondarribian egin den hau. Aurretik, Cadiz, Lugo eta Tarragonan egin ziren Topaketak. Topaketa hauek antolatzeko ideia Guadalajarako Ipuin Maratoian sortu zen 1992an. Helburuak bi ziren: bata, ipuin kontalariaren profesioaren moduak eta edukiak aztertzea; eta bestea, Estatuko beste ipuin kontalariekin biltzea eta bakoitzaren esperientzien berri jasotzea.

Hondarribian urtarrilaren bukaeran burutu ziren Topaketetara 140 bat lagun bertaratu ziren. Besteak beste, profesioari duintasuna eman nahian, faktura, kontratu eta bestelakoetaz mintzatu ziren. Baita beraien lanaren aitorpen eta onarpenaz ere. Hain zuzen ere, Joxe Mari Carrere ipuin kontalari eta Galtzagorriko kideak Topaketa hauek Hondarribian burutzearen garrantziaz mintzatu zen, hain zuzen ere, "Euskal Herrian ahozko narrazioaren egoera zertan den argitzeko".

Kontalaritza Vs. irakurzaletasuna?

Topaketa hauen emaitzen artean, Ahozko narrazioaren aldeko agiria onartu zuten bertataratu zirenek. Agiriak modu honetan definitzen du ahozko narrazioa: "Denboraz gain irauten duen artea". Agiri honetan bertan, ipuinen norberaren bertsioak ekoizteko eskubidea eta konpromisoa aldarrikatzen dute kontalariek.

Zentzu honetan, eta aipatu agiriaren definizioari segituz, Joxe Mari Carrerek Hika aldizkarian ahozko narrazioari buruzko artikulu interesgarria idatzi zuen joan den hilean. Besteak beste, ahozkotasunak eskolan beharko lukeen lekuaz, honela mintzo zen: "Eskolan irakurtzen eta idazten irakasten da; ez, ordea, entzuten eta mintzatzen. (....) Kontalariok mintzamen ereduak eskaintzen ditugu gure jardunean. Ahoz kontatzen diren ipuinek unean uneko sormenak dira; kontalariak kontatzen ari den une horretan bertan birsortzen du. Egitura jakin batetik abiatuko da eta ez hitz jakin batzuetatik. Egitura baten gainean jolasten ariko da (...)". Modu honetan definitzen du Carrerek ipuin kontalariaren lana.


Ez dugu inor harrituko esaten badugu orain artean, ipuin kontalaritza saioak sarri irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin antolatu izan direla. Baina, Carrerek idatzitako artikuluan, Literatura eta kontularitza ezberdintzeko beharra azpimarratzen du, orain artean uste izan denaren kontra: "Uste dut planteamendu okerra dela ipuin kontaketak irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen bezala agertzea. (...) Ipuinak entzuten dituenak ohitu egin beharko du istorio bat bere baitan gordetzen, entzundako istorioan bereiziz zeintzuk diren alderik garrantzitsuenak eta zeintzuk edergarriak. Ohitu egin beharko du entzuten, jakinik behin entzunda ez duela aukerarik izango atzera bueltatzeko, liburuetan ez bezala. Tamalez, halako lanik ez da sartzen gaur egungo ikasketa prozesuan".

Artikulu honen bukaeran gainera, eta kontalaritzaren funtzioa ezbaian jartzen den honetan, horrela esaten du: "Literatura eta idazleak ezagutzeko antolatu ohi diren jardunak letren munduan murgiltzen diren bezala, ipuin kontaketek hitzaren munduan murgiltzeko balio beharko lukete".