Hemeroteka


Compartir
2022-02-14

Zabalik dago Lantegietan izena emateko epea

Ireki dugu Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak irakasleentzat egitasmoan izena emateko epea. Irakasleak, bitartekariak diren heinean, trebatzea da lantegien helburu nagusia; hartara irakasleek haurren eta gaztetxoen euskaraz irakurtzeko gogoan eragiteko erremintak izan ditzaten. Izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 11ra arte.

Egitasmo honen baitan EAEko 72 eskolei aholkularitza eskainiko diegu 2022. urtean zehar. Saioak lurralde bakoitzak duen eskola kopuruaren arabera banatuko dira. Saioen erdia DBHko irakasleentzat izatea aurreikusten dugu eta gainontzeko erdia HH eta LH-ko irakasleentzat. Saioak doakoak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker.

Galtzagorri Elkarteko profesionalak arituko dira gehienez ere bi ordu iraungo duten saioak eskaintzen. Edukiei dagokienez, lantegiak lehenengo aldiz egiten dituzten eskoletan euskarazko haur eta gazte literaturaren nobedadeak erakutsi eta liburu horien gaineko azalpenak emango dizkie gidariak, baita haiekin landu daitezkeen estrategien berri eman ere. Lantegiak ezagunak dituzten eskoletan nobedadeak erakusteaz gain, tertulia literarioak egingo dituzte eta horien nondik norakoak azalduko zaizkie. Denetan banatuko dira liburu-gidak. 

Udalerri bakoitzean udal liburutegiko langileak gonbidatzeko aukera egongo da.

Erreserba formularioa