Hemeroteka


Compartir
2023-03-30

Zabalik da booktrailerrak bozkatzeko epea

Liburu Gaztea booktrailer lehiaketara 400 booktrailer baino gehiago aurkeztu dira. Horietatik 113 izan dira aukeratuak publikoaren bozka jasotzeko: 112 ikastetxeen kategorian eta 1 norbanakoen kategorian. Iritsi da booktrailer horiek saritzeko garaia! Zein da zure gustokoena? BOZKATU!

Aurtengo irakurgai gomendatuak Bi abentura eta amodio bat, Hormak, Itsasoaren atea eta Gezurra liburuak izan dira. Hala ere, parte hartzaile askok jo dute Ezinbestekoen zerrendara liburua hautatzerakoan eta oso irakurriak izan dira Beti iparralderantz, Miñan, Kulero salatzaileak eta Ezezagunak liburuak, besteak beste.

Azkenerako, Gipuzkoako 18 ikastetxek, Bizkaiko 10ek eta Arabako beste batek hartu dute parte; 3.000 ikasletik gertu. Orain epaimahaikideek hautatuko dituzte booktrailerrik onenak. Aurten, Haur eta Gazte Literaturan nahiz ikus-entzunezko komunikazioan aditu diren honako kideek osatuko dituzte epaimahaiak:

  • Mireia Delgado (Bizkaiko epaimahaikide): Literatura eta irakurketa-prozesuetan, pedagogia feministetan eta ikas-irakas prozesuetan bitartekaria. Haur zein helduentzako ahozko narratzailea. Bere ipuinetako pertsonaien estilora, bizitzako hari desberdinekin dabil jolasean. Batzuetan kolektiboan, bestetan bakarrik, askotariko hariak erabiliz, askotariko proiektuak josten ditu. Horietako zenbait Galtzagorri elkartearekin.
  • Ane Lusarreta (Bizkaiko epaimahaikide): ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua. Gidoigintzan, erredakzioan eta bideo ekoizpenean egin izan du lan, kultur eta literatur saioetako erredakzioan batez ere (Sautrela, EiTB Kultura…). Irakaskuntza masterra egin du eta euskaltegietan euskara irakasle aritu da. Euskarazko harreman-sareak sortzeko proiektuetan ere badabil. Egun, Berbalagunen dinamizazioan, Durangaldean.
  • Maddi Orcajo (Gipuzkoako epaimahaikide): Kazetaritzan lizentziatua, ikus-entzunezko proiektuen eta ikuskizunen errealizazio teknikaria. Deusto unibertsitateko irakaslea da “Ikus-entzunezkoen errealizazioa”, “Ikus-entzunezkoen ekoizpena” eta “Ikus-entzunezko mezuen ekoizpena” ikasgaietan. Galtzagorri elkarteko langile ohia.
  • Jon Martin (Gipuzkoako epaimahaikide): Psikodidaktikan doktore da eta Haur Hezkuntzako ikasleei Literatura irakasten dihardu EHUko Hezkuntza Fakultatean. Bi liburu, “Ero” eta “Habana”, idatzi ditu literatura alorrean eta dozena bat liburu akademikotarako kapituluak idatzi ditu. Hainbat komunikabidetan kolaboratu du: prentsan (Berria, El Correo, Bertsolari aldizkaria...), irratian (Bizkaia irratia...) eta telebistan (Mihiluze, ETBko bertsolaritza erretransmisiotako komentarista...).

Sari potoloak daude jokoan:

  • IKASTETXEEN KATEGORIAN:
    • DBH1-DBH2: sari bakarra probintzia bakoitzean, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonua.
    • DBH3-DBH4: sari bakarra probintzia bakoitzean, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonua.
  • NORBANAKOKA: e-irakurgailu bat, blogger izateko set txikia eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua.

Baina epaimahaiaren sariez gain, booktrailerrek publikoaren saria ere jaso dezakete! Hortaz, zuk zeuk ere bozkatu dezakezu booktrailer onenaren alde! Zabaldu da eta booktrailerrak bozkatzeko epea!

Sari nagusirako hautagaiak epaimahaiek hautatuko dituzte, baina sari horrez gain bada beste bat ere: PUBLIKOAREN SARIA. Sari hori publiko zabalaren botoek erabakiko dute. Escape room baterako pasea 4-5 lagunentzat eta 100 euroko bonua banatuko zaie norbanakoen eta ikastetxeen kategorietako irabazleei. Horretarako, urtero bezala, Liburu Gaztea webguneko BOZKATU atalera jo ahal izango da apirilaren 30era arte. Botoa emateak era saria izan dezake, botoa ematen dutenen artean e-irakurgailu bat zozkatuko baita.

Animatu eta esaiguzu zein den zure booktrailerrik gustukoena!