Hemeroteka


Compartir
2014-11-11

XXXIII. Xabier Lizardi Saria abian da

Zarauzko Udalak XXXIII. Xabier Lizardi Sarirako deialdia egin du. Haur eta Gazte Literatura sustatzeko helburuarekin antolatzen da eta 18 urtetik gorako gazte nahiz helduek har dezakete parte bertan. Lanek euskaraz idatziak, originalak, argitaragabeak eta saritu gabeak izan behar dute. Aurkezteko epea 2015eko urtarrilaren 12an amaituko da.

Epaimahaikideak honako idazleak izango dira: Jesus Mª Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta Ramon Olasagasti (2013ko lehiaketako irabazlea). XXXIII. deialdi honetako irabazleari hurrengo deialdiko epaimahaikide izatea eskatuko dio Udalak.

Saria

Epaia 2015ko otsailean emango da jakitera eta saria bakarra izango da, 3.700 eurokoa. Horrez gain, Zarauzko Udalak lan sarituaren 2.500 ale argitaratu eta banatuko ditu herriko ikastetxeetan, eta argitaletxeak bere edizio propioa egingo du. Argitalpena sari-banaketa ekitaldirako (apirila) prest egongo da.

Ibilbide luzeko lehiaketa

Haur eta Gazte Literatura sustatzeko helburuarekin antolatzen den literatur lehiaketa beteranoenetekoa da Lizardi Saria. 1981ean antolatu zen lehen aldiz eta Mariasun Landaren Txan fantasmaren etengabeko istorioa lana izan zen saritua, gero Txan fantasma (Elkar, 1984) tituluarekin argitaratu zena eta euskarazko Haur eta Gazte Literaturako klasiko bihurtu dena. Bigarren edizioan Bernardo Atxagaren Sugeak txoriari begiratzen dionean ipuina saritu zuten.