Hemeroteka


Compartir
2013-10-28

Xabier Olasorentzat Euskadi Saria

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi ditu aurtengo Euskadi Sarien irabazleak saiakera eta Haur eta Gazte Literatura alorretan.

Xabier Olasoren Tximeletrak (Pamiela) lanarentzat izan da 2013ko Euskadi Saria Euskarazko Haur eta Gazte Literatura alorrean. Xabier Olasok (Otxandio, 1964) 2005ean ere jaso zuen Euskadi Literatura Saria, atal berdinean, Pupuan trapua (Pamiela) liburuarekin. Sarien aurkezpen publikoan azaldu zuenez, Tximeletrak "haren orpotik" iritsi da. "Badut trikimailu literario bat. Liburu bat bukatzean poema batzuk kanpoan uzten ditut eta horrek bidea errazten dit sorkuntzan jarraitzeko".

Epaimahaia Patxi Zubizarretak (epaimahaiburua), Mikel Aierbek, Rosario Alzak, Elisabet Masek eta Itziar Zubizarretak osatu dute. Epaimahaiaren esanetan, "haurrentzako poema liburu hau euskal tradizioaren ezagutza sakonetik abiatu, eta berrikuntza poetiko jostariarekin datorkigu; haurrek dituzten barne arazoak haien berezko hizkeran jasotzeko dohainarekin".

Galtzagorri Elkartearen Dokumentazio Gune digitalean duzue Imanol Mercerok Berria egunkarian liburuari egindako kritika.

Gaztelaniazko Haur eta Gazte Literatura Sraia hutsik geratu da.

Jon Sudupek irabazi du euskarazko saiakerari dagokion saria Oi, Europa! lanarengatik. Lehenago Unamuno saiakera saria ere irabazia zuen lan berdinari esker.

Iban Zalduak, berriz, gaztelaniazkoa, Ese idioma raro y poderoso lanarengatik.