Hemeroteka


Compartir
2012-11-28

VI. Etxepare Saria Miren Asiain ilustratzailearentzat

Miren Asiain gazte iruindarraren lana saritu du VI. Etxepare Sariko epaimahaiak. Berak idatzi eta ilustratutako "Hara!" albuma “magiaz beteriko kontakizuna” dela iritzi dio Patxi Zubizarretak, Iñaki Agirrezabalek, Mikel Valverdek eta Jon Zabaletak osatutako epaimahaiak. Miren Asiain Loraren lana 16 lanen artean hautatu zuen. Epaimahaikideen iritziz, "teknika desberdinak abilki erabiliz eta maisuki nahastuz, nortasun bisual handiko album bat osatu du, egunerokotasunetik abiatuta fantasiaren erresumara jauzi egiten duena".

Liburuan, protagonista haur bat da, amonak igerilekuan jasotzen duena, etxera laguntzen, berarekin zinemara joaten, erosketetara eramaten; baina amonak, aldi berean, mundu errealaren eta ametsezkoaren arteko giltza duela dirudi, eta haurrari lagunduko diola batetik bestera igarotzen.

Etxepare Saria Nafarroako Udal eta Euskara Zerbitzuek antolatzen dute Pamiela argitaletxearen laguntzarekin. Hain zuzen ere, saritutako lanak argitaletxe honek argitaratzen ditu. Hori izaten da sariaren zati bat, bestea egile eskubideen aurrerapen gisa ematen den 5.000 eurokoa izaten da.

Sari honetara haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahal izaten dira, hau da, albumen osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatu behar du lanak.

Lanek euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute.

2013ko lehiaketako oinarriak urtarrilaren 2an argitaratuko dira. Baina, dagoeneko, aurrera daiteke lanak aurkezteko epea maiatzaren 31n itxiko dela. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 29a izango da.