Hemeroteka


Compartir
2015-11-15

Urteurren ospakizun biribila

Urriaren 25a egun handia izan da aurten Galtzagorri Elkarteko kideontzat. Elkartea sortu zela 25 urte bete dira eta urriaren 25arekin ospatu dugu urtemuga. Goizean Ilustratzaileen Enkante Dramatizatua egin zen Arteko galerian Metrokoadrokak aurkeztua umore ukitu handiarekin.

Gehienez 120 euro arte eskaini zitekeen obra bakoitzagatik eta gutxienez 20 euro. Azkenean, guztia 355 euro bildu ziren eta guztia "Silent books" egitasmora bideratuko da, hau da, Italiako Lanpedusa uhartean IBBY-Italiak hornitu nahi duen haur liburutegira. Bertan, Lanpedusako haurrek nahiz bertara beste herrialdeetatik ihesi heltzen diren haur guztiek liburuz betetako gune bat izan dezaten lortu nahi da.

Hemen duzue enkanteko zenbait uneren grabazioa.

Enkanteko argazkiak hemen.

Festa gozoa

Ondoren, arratsaldeko 16:00etatik aurrera San Telmo Museoan bildu ginen hainbat bazkide, lankide, lankide ohi, lagun, eta literaturzale giro ederrean.

Patxi Zubizarretak, Galtzagorriko zuzendaritzako kideak, idatzitako sarrera testu poetikoa irakurri zuen Iñaki Markotegi lehendakariak. Ondoren, 25 urte hauetan elkarteak izan dituen lehendakari eta ordezkarien hitzekin Galtzagorriren ibilbidea laburbiltzen duen bideoa ikusteko aukera izan zen.

Eta bukatzeko Galtzagorri-tarta gozo-gozoa guztientzat.

Festara sartzeko haur liburu bat ekarri behar zen besapean. Sarreran photocall bat egin genuen eta hemen irudi batzuk:

Festako argazki gehiago hemen