Hemeroteka


Compartir
2012-10-24

Urriaren 24a, Liburutegiaren Eguna

Urriaren 24arekin batera Liburutegiaren Eguna ospatuko da aurten ere. Espainiako Haur eta Gazte Liburuaren Lagunen Elkarteak, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin antolatzen du egun hau, eta hainbat jarduera egiten dira liburutegietan nahiz ikastetxean.

Urriaren 21ean, esaterako, Bookcrossing tailerra egingo da, Donostian, Aieteko Liburutegian Galtzagorri Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatuta. Eta urriaren 24ean, Liburutegiaren Egunarekin batera, Ilustratzailearen Txokoa inauguratuko da leku berean, Iban Barrenetxea ilustratzailearen lanekin. Egitasmo hau ere Galtzagorri Elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean jarri dute martxan.

Donostia Kulturak eta Tabakalerak, bestalde, hainbat jarduera antolatu dituzute. Urriaren 23an, Juan Gomez Juradok Cuando la biblioteca cabe en un bolsillo hitzaldia emango du 19:30ean Okendo Kultur Etxean. Urriaren 24rako, berriz, mintegia antolatu dute Nieves Gonzalezekin. Goizean 9:30etik 13:30era Bibliotecas y redes sociales: son tiempos de productividad, no de publicidad gaia izango dute hizpide Haur Liburutegi Nagusian, leku mugatuak izango dira. Arratsalean, 18:30ean Nieves Gonzalezen El futuro del libro electrónico es complicado hitzaldia izango da, sarrera librea izango da. 18:00etan, berriz, Judit Huegun kontalariak "Euskal Herriko kondairak" ipuin kontaketa eskainiko du 3-5 urteko haurrentzat, Okendo Kultur Etxean.

Horrez gain, Debako Mendata BHI ikastetxean Galtzagorri Elkartearen Liburu Gaztea erakusketa dago ikusgai egun Liburutegiaren Egunaren inguruko jardueren artean. Erakusketa hori Gipuzkoako DBHko ikasleei zuzendutako Liburu Gaztea egitasmoan urtez urte irabazle izan diren euskarazko gazte literaturako liburuz eta lehiaketari buruzko bideoz osatuta dago, eta egitasmoan parte harzten duten ikastetxeei eskaintzen zaie erakusgai jar dezaten.

Irakurtzearen garrantzia eta liburuzainen lana

Liburutegiaren Eguneko aurtengo ekitaldi ofiziala Alacalá de Henaresen egingo da, bertako Udalaren eta Liburutegien Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin. Egun honen helburua jendartea irakurtzearen garrantziaz ohartaraztea da, bereziki haur eta gazteen artean. Eta, noski, horretarako liburuzainek egiten duten lana eskertzea.

Halaber, egun honekin gizarteari adierazi nahi zaio zeintzuk diren liburutegiek gaur egun betetzen dituzten funtzioak. Izan ere, liburutegiak hiritarren topaleku bihurtu dira, bertara joaten diren irakurleek eta hiritarrek edozein gairen inguruko informazioa, kultura zentzu zabalean eta aisialdirako hainbat gai lantzeko aukera dute. Horrez gain, liburutegiak norberaren formakuntza hobetzeko lanabesa dira, eta baita bizikidetzarako guneak ere.

Espainiako liburutegi publiko guztietan banatu dira Juan Ramon Alonso ilustratzailearen ilustrazioa eta Jose Maria Gutierrez de la Torreren aldarria duten kartelak.