Hemeroteka


Compartir
2014-06-01

Urrezko Luma saria jasoko du Galtzagorri Elkarteak

Euskadiko Liburu-Ganbarak Urrezko Luma saria emango dio Galtzagorri Elkarteari euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren sustapenean egindako lanagatik. Saria, ekainaren 2an, Bilboko 44. Liburu Azokan jasoko du Galtzagorri Elkarteko presidente berriak, Iñaki Markotegik, Ana Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiaren eskutik.

Maiatzaren 29an inauguratu zen 44. Bilboko Liburu Azoka eta Arenaleko ibilbidean izango da kainaren 8 bitartean. Guztira, 55 erakusmahai izango ditu aurten azokak. Horrez gain, Idatzietatik Kantuetara erakusketa berezia ere ikusgai izango da, eta, ohi bezala, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, sariak, tailerrak eta liburu izenpetzeak egingo dira asteburu honetan eta datorren aste osoan.

Urtero bezala, Euskadiko Liburu-Ganbarak Zilarrezko eta Urrezko Lumak banatuko 44. edizioan ere. Aurten Zilarrezkoa Dolores Redondo idazleak jaso du, eta, esan bezala, Urrezkoa Galtzagorri Elkarteari emango diote datorren ekainaren 2an.

Mende laurdena betetzear den elkartea

2015ean 25 urte beteko dira Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartea sortu zenetik, eta, urte hauetan guztietan, euskarazko HGL sustatzeko helburuarekin hainbat eta hainbat egitasmo eta ekimen jarri ditu abian elkarteak:

Bularretik Mintzora ezaguna, 2007an abian jarri zena 5 herriren parte hartzearekin eta 2014an 18 herritara zabaldu dena, Eusko Jaurlaritzaren eta tokian tokiko Udalen laguntzarekin.

Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak, 2000. urtetik Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek lagunduta eskola txikietan liburutegi zerbitzua eskaintzeko egitasmo arrakastatsua.

Liburu Gaztea Saria 2000-2001ikasturtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzako abian jarri zen saria, gaur egun, book trailer lehiaketa bihurtu dena.

Irakurketa Mintegia, euskarazko haur literaturako urtez urteko ekoizpen guztia irakurtzeaz eta baloratzeaz arduratzen den ekimena, Eusko jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin 2005etik martxan dagoena.

Marraz(i)Oak lantegia, Arteleku eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen dena eta aurten 6. edizioa izango duena.

Behinola, 1999tik Haur eta Gazte Literaturari buruzko berriak, gogoetak, ikerketak, liburuen iruzkinak eta abar luzea biltzen duen aldizkaria.

Aretoak, literatura aretoak, dira elkarteak HGL eta irakurketa sustatzeko sortu dituen beste arrakasta handiko ekimen bat. Orain arte, 8 areto sortu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta horien bidez, poesia, ilustrazioa, alegiak, eta beste zenbait gai jorratzeko aukera dute aretoak hartzen dituzten herrietan. 

Klis-klasikoak bilduma. 4 eta 16 urte bitarteko irakurleei euskarazko literatura obra kanonikoak eskueran jartzea zein beste hizkuntzetako klasikoen itzulpenak eskaintzea xede duen egitasmoa. Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan duena.

Egitasmo horiek martxan jartzeaz gain, euskarazko Haur eta Gazte Literaturari bestelako ekarpenak ere egiten dizkio Galtzagorri Elkarteak. Horren adibide da, besteak beste, bere web gunean biltzen duen euskarazko Haur eta Gazte Literaturako argitalpenen bilatzailea, liburu bakoitzaren datu eta iruzkinekin osatua. Eta zenbait literatura adituk osatutako euskarazko Haur eta Gazte Literaturako ezinbesteko irakurgaien zerrendak.

Bestalde, web gune horretan bertan sortu da Dokumentazio Gune digitala ere. Bertan, era askotako irakurketa gidak, euskarazko Haur eta Gazte literaturaz Euskal Herriko prentsan argitaratutako literatur kritikak, eta HGLri buruzko bibliografia zabala biltzen duen atal bat aurki daitezke.  

Hau guztia sortzeko eta garatzeko ezinbesteko laguntza eta babesa da 300 bazkideek Galtzagorriri ematen diotena. Idazleak, ilustratzaileak, kontalariak, irakasleak, liburuzainak... Literatura zaleak, eta bereziki Haur eta Gazte Literatura maite dutenak guztiak.

Urrezko Luma hori, beraz, hau guztia posible egin dutenen saria da.