Hemeroteka


Compartir
2017-02-05

Unai Zocoren erakusketarekin abiatu da 2017ko Ilustratzailearen Txokoa Aieten

2012ko urrian Aiete Kultur Etxean Txokoa ireki zenetik, ez ditu bere ateak itxi. Eta bata bestearen segidan, honako ilustratzaileen lanak jarri dira bertan ikusgai: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marraz(i)oak Ilustratzaileen Topaketetako artisten lanak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin” , Ainara Azpiazu “Axpi” eta Concetta Probanza. 2017ko martxoaren 19ra arte Unai Zocoren lanak daude ikusgai bertan.

 

Zocoren “poesia bisuala”

 

Unai Zocok “giza istorioen narratzaile grafiko” gisa definitzen du bere burua. Liburuetako ilustrazioak egiteaz gain, prentsan (Kulturate eta CL MAG magazinetan) eta publizitatean lan egin du. Egun, nagusiki, liburuak ilustratzen eta poltsak, kamisetak eta bestelako ehungintzako elementuetarako ilustrazioak egiten dihardu. Azken urteetan, honako bi liburu hauetan argitaratu dira bere ilustrazioak: “Poesía española 1900-2010” (Castalia, 2012) eta “El arte de la ilustración. Del concepto al éxito” (Anaya, 2012).

 

Hainbat erakusketetan parte hartu du, bakarka zein taldean, Nafarroan eta Bizkaian. Besteak beste, bere lanak erakutsi ditu “Bilboko Kalealdia”n (2002-2003), Getxoarten 2004an eta 2005ean, eta Ilustrazioaren Nazioarteko Lehenengo Topaketetan 2008an.

 

Animalien eskubideen defentsarako Argentinako “Viva la Vida” fundazioak argitaratutako egutegi ilustratu batean ere parte hartu zuen. Berriki, 2016ko azaroan, parte hartu du Bilbon egin den errefuxiatuen aldeko “Hogar-Refugio” izeneko ekimenean, beste 40 ilustratzailerekin batera.

 

Zoco Arte Ederretan lizentziatua da, baina txikitatik marraztu omen du, aitak pintzelarekiko zuen grinak kutsatuta. Ilustratzen dituen lanetan txoriak, animaliak, landareak,naturarekin lotutako elementuak irudikatzen ditu, hizkuntza sinbolikoa erabiliz; ñabardura handiko marrazkiak egiten ditu, eragin japoniarra omen dutenak. Zocok berak “poesia bisuala” egiten duela dio.

 

Bere lanak ikusteko aukera dago, Aieteko Kultur Etxean, martxoaren 19ra arte, ordutegi honetan:

 

Astelehenak eta jaiegunak: itxita

Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30

Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00

Igandeak: 10:00 – 14:00

Gabonetako ordutegia: Asteartetik igandera, 10:00-14:00 (urtarrilak 6 itxita)