Hemeroteka


Compartir
2017-01-17

“Txan fantasma” app berria sortu du Galtzagorri Elkarteak

Klis-klasikoak app bildumako bigarren app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak : “Txan fantasma” app-a. Mariasun Landak idatzi eta Jon Zabaletak ilustratutako Txan fantasma liburuaren app-a da Galtzagorrik sortu duen hau, bereziki, 8-12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutakoa, baina familia osoak jolasteko modukoa.

Jolaserako proposamen desberdinak eta nazioartean adin horietan arrakasta duten hainbat jolas-mota eskaintzen ditu "Txan fantasma" app-ak. Liburua irakurketaz gozatzeko ez ezik, jolaserako lagungarri izango da gehienetan. Hortaz, irakurketa eta ulermena lantzeko tresna ludiko erabilgarria suertatuko da maiz. Izan ere, aplikazio honek ipuineko pasarteak edo ilustrazioak oinarri dituen joko asko eskaintzen ditu.

Kalitate handiko gure literatura kalitatezko app batekin uztartu nahi izan dugu; entretenigarria eta hezigarria izango den app batekin, hain zuzen.

Multiplataforma erako aplikazioetan egin daitezkeen proposamenik berritzaileenak eta duinenak eman dizkiogu app honi, jatorrizko testuaren eta irudien garrantzia indartuz: paperaren 2 dimentsioetatik pantailaren 3 dimentsioetara egin dugu jauzi; maskota birtual bat, kantuak, puzzleak, jolas herrikoiak (esku-jolasak, gordeketan…), ipuineko pasarteekin lotutako asmakizunak, ohiko jolas digitalen egokitzapenak, sormena eta ahozkotasuna lantzeko jolasak eta abar aurki daitezke app honetan.

Euskaraz, hizkuntzarekin berarekin, euskal literaturarekin eta 8-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako euskarazko liburu klasiko batekin orain arte egin ez dena eskaintzen du aplikazio honek.

Klis-klasikoak app bilduma

2014an abiatu genuen liburuen osagarri diren app-ak sortzeko egitasmoa “Maria Goikoak Batbirulau!” app-arekin eta bi urteren buruan lortu dugu bigarrena sortzea: “Txan fantasma” app-a. Horretarako ezinbestekoa izan da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Orona Fundazioaren eta Elkar argitaletxearen laguntza eta babesa.

App honen bidez, Klis-klasikoak app-bilduma osatzeari ekin diogu sorrerako helburuak aintzat hartuz: papera eta teknologia berriak uztartzea, tradizio eta modernitatea batzea, literaturaz eta aisialdiaz euskaraz eta euskarri teknologiko desberdinen bidez gozatzeko aukera berri bat eskaintzea gure haur eta gaztetxoei.

Galtzagorri Elkarteak alor honetan adituak eta arituak diren Oreka Interactive enpresa informatikoarekin elkarlanean jardun du. Baina baita liburuaren egileekin ere; Mariasun Landa eta Jon Zabaletarekin elkarlanean aritu gara. Mariasun Landaren ahotsean jaso dugu app honen sarrerako azalpena eta Jon Zabaletak hainbat ilustrazio berri sortu ditu app honetako zenbait jokotan erabili ahal izateko.

“Txan fantasma” app-aren abiapuntua Haur eta Gazte Literatura izan arren, publiko orokorrari zuzendutako aplikazioa da, haurrek nahiz helduek bakarka edo elkarrekin erabiltzeko modukoa; oso intuitiboa eta erabilgarria da, eta laguntza pantailak ere baditu.

Zaindu zure Txanmagotxia; atera Txan labirintotik; adi autotxokeetan; jolastu gordeketan; asmatu liburuari beste amaiera bat; grabatu kontakizuna zure ahotsean eta partekatu lagunekin; sartu ispiluen gelara eta barrez lehertuko zara, ausartzen bazara, zure irudia lagunekin partekatzeko aukera ere izango duzu!

Hori guztia egin nahi duzu?

Oraindik liburua ez baduzu esku artean, liburutegietan edo ohiko liburu-dendetan izango duzu eskuragai. App-a, berriz, Google Play eta Apple Storen izango duzu dohainik. Ordenagailu bidez jolastu nahi baduzu, nahikoa izango duzu internet bidez Galtzagorri Elkartearen web gunera sartu eta bertan aurkituko duzun Klis-klasikoak app bildumaren ikonoa klikatzea.

Deskargatu “Txan fantmasa” app-a, jolastu eta gozatu literaturarekin!