Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak gidatuko dute; sukalde bueltan, errezeta-liburuen zein liburu-albumen arteko antzekotasunak landuko dituzte
Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, antolatzen du MarraziOak ilustratzaileei zuzendutako tailerra. Aurtengoa irailaren 16tik 20ra egingo dute. Ez da, azken urteetan bezala, Donostiako Komikigunean izango. Aldaketak arrazoi zehatza du; hain zuzen, tailerrak ezinbestekoa izango du oraingoan sukaldea. Hala, Igeldo auzoan izango da, Undermount elkartean. Eta ordutegia ere, aldatuta dator sukalde prestaketetan ibiliko direnez, ordutegi jarraitua hobeto egokituko baitzaie (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 17:30era).
Elena Odriozola eta Gustavo Puerta izango dira gidariak. Errezeta-liburuen eta liburu-albumen arteko antzekotasunak jorratuko dituzte. Hitza eta ilustrazioa, egitura, sekuentziak, tradizioaren ekarria... Odriozolak eta Puertak honakoa diote: “Finean, sukaldaritza eta ilustrazio tailerra proposatzen dugu, non errezeta baten narrazioa egingo dugun eta sukaldean liburu bat gertatuko dugun”.
Hamar ilustratzailek izango dute parte hartzeko aukera. Goizeko jarduerak sukalde bueltan egingo dituzte eta arratsaldekoak, aldiz, ilustrazioa izango dute ardatz. Tailerrak 35 orduko iraupena izango du. Parte hartzeko interesa duten ilustratzaileek atariko plater, plater nagusi eta postre banaren ilustrazioa bidali beharko dute; kontuan hartuz, betiere, tailerrean prestatzeko moduko platerak izan beharko direla. Ilustratzaileak aukeratzerakoan marrazkiaren kalitatea baloratuko da, baita errezetak sortzen duen gosegarria ere.
Parte hartzeko baldintza orokorrak honakoak dira: Euskal Herrikoa izatea, Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da eta Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da. Parte hartzaileek ez daukate zertan argitaratutako lanik izan behar. Izena emateko aipatu hiru ilustrazioak eta datu pertsonalak –Curriculuma, NANaren kopia, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia– bidali behar dira administrazioa@galtzagorri.eus helbidera wetransfer bidez.
Eskaera egiteko epea uztailaren 12an itxiko da eta aukeratutakoei uztailaren 28rako erantzungo zaie.