Hemeroteka


Compartir
2021-05-07

Sormen-prozesuaz mintzatu da Mariasun Landa HGL Eskolan ikastaroan

Narrazioaren ikasgaiari amaiera emateko, literaturaren alderdi esperimentalena izan da HGL Eskolan ikastaroaren saioaren ardatza. Bitartekariak irakurtzera ohituta daude, baina sorkuntzan ez dira hain trebeak, ez baita oso ohikoa idazteko gai diren frogatzea. Ikasleei idazlanak sarritan eskatzen dizkieten arren, zenbaitetan ekiten diete bitartekariek edota irakasleek sormen-prozesuari? Mariasun Landa irakasle ohiak eta idazle ezagunak galdera horrekin eman zion hasiera saioari.

Merezi du, saioaren nondik norakoaren berri eman aurretik, Landaren jardunari buruzko zertzelada batzuk ematea. Aski ezagunak dira bere haur- eta gazte-literatura lanak. Berriki 30 urte bete dira (1981. urtean) Txan fantasma liburuarekin Lizardi Saria jaso zuela. 2003an, Espainiako Haur- eta gazte-literatura Sari Nazionala eskuratu zuen Krokodiloa ohe azpian narrazioarekin. Edonola ere, HGL Eskolan ikastaroaren testuinguruan, bereziki aipagarriak dira helduentzako idatzi dituen zenbait liburu, hala nola hiztegiaren egitura erabilita idatzi zuen Iñurrien hiztegia (Pamiela, 2013) edota bitartekarien trebakuntzarako ezin aproposagoa den Txikiaren handitasuna literaturan (Erein, 2018).

HGL Eskolan ikastaroaren saiora itzulita, Landaren «Azken balada» narrazioa izan zen literaturaren barrenak arakatzeko baliabidea: istorioaren interpretazioa, originaltasuna, testuaren irakurleenganako eragina, narratzailea, amaiera desberdinak... Narrazioaren alde formal eta teorikoak aztertu zituzten; izan ere, baladak poema narratiboak dira, ahoz aho hedatu eta mendeetan zehar eboluzionatu duten kontakizunak. Ahozko literaturan eragin handia izan duten arren, egun genero hila da praktikan. Baladaren testutik abiatuta, Mariasun Landak narrazio bat sortzeko teknikak aurkeztu zituen eta, bide batez, sorkuntza librea egiteko gonbidapena egin zuen. Genero bizia eta aberatsa dugu balada. Moldaketak egiterakoan, sortzeko inspirazio-iturrien adibideak eman zituen, istorio bat idazteko ez baitago zertan hutsetik hasi; formulak eta teknikak daude, eta «ez zait ezer bururatzen» askotan entzun eta esaten den esaldiak adierazten duen blokeoari aurre egiteko erremintak dira.

«Sormen librean erratzen bagara ere, sorkuntza bera hori da, erratzea aberatsa baita», esaldia akuilu gisa erabiliz, idazteko bultzada eman zien ikasleei Landak. Edonola, irakasleak ariketa horren zailtasunaz jabetzen dela aitortu zien, literatura-esparruan egur guztiak ez baitira on-onak; batzuk hobeagoak dira besteak baino, halere, azpimarratu zuen ikasleei proposatu zien ariketan lehiakortasun-xederik ez dagoela, eta idazteko gogotik abiatzea aholkatu zien, baita esperimentazioa eta jolasa tartekatzea ere. 

Landaren saioan, oro har, ikasleek literatura egiteko gonbidapena jaso zuten, irakurtzea eta idaztea ontzi komunikatuak direlako, are gehiago, elkarrekin ondo moldatzen den bikotea osatzen dutelako.

Hurrengo saioan generoa ikonografikoaren blokeari hasiera emango diote, baina saioa ez da aurrez aurrekoa izango. Hala ere, ikasleek album ilustratuen generoaren oinarriak ezagutzeko aukera izango dute EHUko plataforma birtualaren bitartez.