Hemeroteka


Compartir
2014-03-16

Sekulako arrakasta: 297 book trailer

2013-2014 Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketak sekulako arrakasta izan du. Guztira 297 book trailer jaso ditugu: 275 Ikastetxeen kategorian eta 22 Norbanakoenean. Iaz 167 eta 15 izan ziren, hurrenez hurren. Hortaz, parte hartze kopuruak gora egin du nabarmen. Kantitatean ez ezik, kalitatean ere gora egin dela esan genezake, izan ere, geroz eta book trailer originalagoak sortzen dituzte gazteek.

Gipuzkoako 19 ikastetxek hartu dute parte, baita Bizkaiko batek ere (Santurtziko San Jose de Calasanz), salbuespen moduan. Izan ere, lehiaketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen du Galtzagorri Elkarteak eta Gipuzkoako gazteei eskaintzen zaie bertan parte hartzeko aukera. Hala ere, iaz Gasteizko Olabide ikastolak ere hartu zuen parte, eta aurten Santurtziko San Jose de Calasanz izan da salbuespena. Lehiaketa honek eta book trailerrek irakurle gazteen artean pizten duen motibazioaren adierazgarri dela esan genezake.

Honakoak dira ikasturte honetan parte hartu duten ikastetxeak: Andoaingo Lasalle Berrozpe eta Aita Larramendi ikastola; Arrasate BHI; Azpeitiko Ikasberri; Bergarako Aranzadi eta Mariaren Lagundia; Debako Mendata BHI; Donostiako Karmelo, Herri Ametsa, Axular Lizeoa, Peñaflorida-Usandizaga eta La Asuncion ikastetxea; Eibarko Mogel Isasi; Hondarribiko Talaia eta Ama Guadalupekoa; Lasarte-Oriako Landaberri; Oiartzungo Elizalde; Oñatiko Zuazola-Larraña, Santurtziko San Jose de Calasanz eta Villabonako Erniobehea.

Lehiaketan parte hartzeko epea martxoaren 16an amaitu zen eta orain book trailer guztiak ikusgai daude Liburu Gaztearen web guneko Lehiaketa atalean.

Bozketa web gunetik

Martxoaren 24tik maiatzaren 16ra bitartean edonork bozkatu ahal izango du gehien gustatzen zaion book trailerraren alde. Horretarako Liburu Gaztearen web gunean  BOZKATU atala zabalduko da martxoaren 24an eta bertatik bozkatu beharko da. Bozkatzean helbide elektroniko bat eskatuko da eta helbide bakoitzarekin behin bakarrik bozkatu ahal izango da. Aldi horretan, nahi izanez gero, kategoria bakoitzeko boto bana eman ahal izango da.

Liburuak eta book trailerrak

Ikasturte honetarako Galtzagorri Elkarteak (Liburu Gaztea Batzordeak) honako liburuak hautatu eta Aurtengo Proposamenak moduan aurkeztu ditu:

DBH-1(12-13 urte) Maitagarria eta desioa. Mariasun Landa. Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga. Elkar, 2012

DBH-2 (13-14 urte) Marta ispiluaren aurrean. Teresa Calo Fontan. Itzultzailea: Mitxel Murua. Elkar, 2012

DBH-3 (14-15 urte) Ezer ez. Jane Teller. Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal. Alberdania, 2012

DBH-4 (15-16 urte) Saguak eta gizonak. John Steinbeck. Itzultzailea: Iñigo Errasti. Alberdania, 2012

 

Baina, horiez gain, lehiaketan parte hartzeko Ezinbestekoak izeneko zerrenda luzea ere aukeran zuten gazteek. Bertan, zenbait literatur adituren iritziz, euskarazko Gazte Literaturan orain arte argitaratu diren lanik onenak daude.

Bada, zerrenda horretako liburuen book trailerrak ere jaso ditugu: Irati: SaiakKale gorrianPijama marradunaz jantzitako mutikoaDin, dan, don, kanpai lapurrak non?; Koaderno handia eta Gartxot.

Hemendik aurrera, beraz, book trailerrak ikusi, proposatzen diren liburuak irakurtzera animatu eta gehien gustatu zaizuna bozkatzeko aukera izango duzu. Botoa ematen duten guztien artean e-irakurgailu bat zozkatuko da.

GOZATU ETA PARTE HARTU!