Hemeroteka


Compartir
2012-02-05

Sasi Guztien Gainetik CD-liburua salgai dago liburu-dendetan

Galtzagorri Elkarteak argitaratutako Sasi Guztien Gainetik CD-liburua dagoeneko salgai dago liburu-dendetan. Bazkideek Galtzagorri Elkartearekin harremanetan jarriz ere eskura dezakete.

Sasi Guztien Gainetik 2010ean argitaratu zen arren, orain arte Bularretik Mintzora egitasmoan parte hartzen ari diren herrietan baino ez da banatu. Izan ere, egitasmo horren garapenaren baitan sortu den bigarren CD-liburua da hau. Lehenengoa, Bularretik Mintzora izenekoa, 2007an argitaratu zen 0 eta 6 urte bitarteko haurren guraso eta hezitzaileei zuzenduta. Hau ere guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago, baina 5 urtetik aurrerako haurrekin erabiltzeko sortu da. Honekin, Bularretik Mintzora egitasmoa borobilduz, haur helduxeagoei irakurzaletasuna sustatzen jarraitzeko kantu, ipuin, eta jolas bilduma berria eskaini nahi die Galtzagorrik guraso eta hezitzaileei.

Sasi Guztien Gainetik CD-liburuaren egilea Itziar Zubizarreta da, musika Zuriñe Fernandez Gerenbarrenak konposatu du eta Elena Odriozolarenak dira ilustrazioak. CDaren grabazioa, Eresbilen egin zen Jon Miner teknikariarekin. Bertan, Pello Añorga, Yolanda Arrieta, Juan Kruz Igerabide, Jaione Lizarazu eta Itziar Zubizarretaren ahotsen bitartez, kantak, jolasak, esku jolasak eta ipuinak grabatu dira. CD-liburuaren orrietan horien letrak eta erabilerarako oharrak biltzen dira.

Bularretik Mintzora CD-liburua izan zen egitasmo honen lehen oinarrizko materiala. 2007an argitaratu zen, 0-6 urte bitarteko haurrekin erabiltzeko, eta sehaska kantez, magaleko jolasez, esku jolasez eta hitz jolasez osatuta dago. Hau ere Itziar Zubizarretak zuzendu eta Elena Odriozolak ilustratutakoa da. Aurélio Edler Copések musikatu zuen eta grabazioa Eresbilen egin zen Jon Miner teknikariarekin. Ahotsa Miren Agur Meabek, Juan Kruz Igerabidek, Pello Añorgak, Lourdes Etxebarriak eta Itziar Zubizarretak jarri zuten.

CD-liburu hauek proiektu zabalago baten oinarrizko materiala dira. Izan ere, Bularretik Mintzora egitasmoak bi helburu nagusi ditu: literatur tradizioaren galerari aurre egitea sehaska kantak, esku jolasak, ipuinak eta abar bilduz; eta haurren irakurzaletasuna sustatzea txiki-txikitatik, horretarako hezitzaile eta gurasoentzako tresnak eskainiz.

Egitasmoa Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren arteko lankidetzaren fruitu da. Izan ere, liburu eta CD hauek hainbat liburutegitan garatzen ari den Irakurri Kanpainaren oinarria dira.