Hemeroteka


Compartir
2017-05-19

Sari banaketa ekitaldi jendetsua Tabakaleran

Guztira, bost sari banatu dira. Ikastetxeen kategorian, bi multzo egin ditugu eta multzo bakoitzeko sari bana eman da: DBH1-2 multzoan bat, eta bestea DBH3-4 multzoan. Norbanakoen kategorian, berriz, maila guztiak zaku berean sartu ditugu eta sari bakarra eman dugu, book trailerrik onenarentzat. Ondoren, Publikoaren Sariak banatu ditugu. Horiek boto bidez erabaki ditu publiko zabalak: sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak).

Sari nagusiaren irabazleak ekitaldian bertan jakinarazi dira eta 200 lagunetik gora -lehiaketan esku hartu duten gazteak, gehienak- izan dira Tabakalerako zinema-aretoa bete dutenak.

Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatu du.

 

Parte-hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 22 ikastetxek hartu dute parte; iaz baino bat gehiago lehiatu da, hortaz. Gipuzkoako DBHko 21 ikastetxe eta Arabako 1 izan dira, zehazki, beren lanak lehiaketara aurkeztu dituztenak. Guztira, 1.840 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak, iaz baino 300 bat gehiago. 211 book trailer sartu dira lehiaketan: 201 Ikastetxeen kategorian eta 10 Norbanakoenean.

 

 

Sari nagusiak

Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan, EMA taldea izan da garaile, Urtebete itsasargian (Elkar, 2006) liburuaren book trailerrarekin. Lasarte-Oriako Landaberri BHIko DBH2ko ikasle taldearentzat izan da, hortaz, sari nagusietako bat. Epaimahaiaren iritziz, ikuslea liburua irakurtzera gonbidatzen du lan honek. Oso ondo egina dago eta emaitza oso polita da estetikoki ere. Gainera, esatariek oso ondo ahoskatzen dute. Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiaren eskutik jaso dute saria.

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, Paperzaleak taldearen lana (Kale gorrian liburuari buruzko book trailerra) izan da onena epaimahaiaren iritziz. Talde hau Donostiako Nuestra Señora de Aranzazu ikastetxeko DBH4ko ikasleek osatu dute. Epaimahaiaren hitzetan, sortu duten istorio animatuak sekulako lana dauka atzetik. Oso ondo kontatu dute istorioa eta musika ere modu egokian txertatu dute. Irakurtzeko gogoa pizten duen book trailerra da donostiarrek lehiaketara aurkeztu dutena. Saria Iñaki Mendigurenek, Kale gorrian liburuaren itzultzaileak berak, eman die gazteei.

 

Norbanakoen kategorian, berriz, Yeray Gomara gaztearentzat izan da saria. Kalte gabeko jokoak (Ibaizabal, 2015) liburuari buruzko lanarekin irabazi du. Epaimahaiaren aburuz, oso kalitate oneko lana da. Irudien aukeraketa ona da eta muntaia ere bai. Oso ondo planteatutako book trailerra da eta amaiera pizgarria du. Idazkeran baditu gramatika akats batzuk, baina, gainerakoan, oso lan ona da. Saria Ane Rodriguezek, Tabakalerako Kultura zuzendariak, eman dio amurriarrari.

Irabazleak epaimahai batek hautatu ditu. Epaimahaia honako adituek osatu dute: Amaia Pavon HUHEZIko irakasle eta ikus-entzunezkoetan adituak; Joanes Urkixo idazle eta gidoigileak; Eva Alberdi Eibarko Juan San Martin Liburutegiko arduradunak eta Irati Zaldua Tolosako Udal Liburutegiko liburuzainak.

 

Publikoaren Sariak

Publikoaren Sariak ere banatu ditugu gaur goizeko ekitaldian. Ikastetxeen kategorian, Donostiako Axular Lizeoko DBH4ko JDR production taldeak irabazi du 137 botorekin, eta Norbanakoenean, Donostiako LSD Bakarka Booktrailer taldeak, 30 botorekin. Guztira, 513 boto bildu dira.

Publikoaren iritziz, horiek izan dira aurtengo book trailerrik onenak. Axular Lizeoko DBH-4 mailako JDR production taldeak, Kalte gabeko jokoak (Ibaizabal, 2015) liburuari buruzko book trailerra aurkeztu zuen lehiaketara, eta LSD Bakarka Booktrailer talde donostiarrak, berriz, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (Alberdania, 2007) liburua oinarri hartuta osatu zuen lehiaketara aurkeztutako book trailerra. Bigarren hori, Ezinbestekoak liburu zerrendatik hautatu zuten ikasleek. Izan ere, 2015ean Euskarazko Gazte Literaturan argitaratu ziren liburuen artetik DBHko ziklo bakoitzerako bina izenburu proposatu genituen lehiaketarako, baina, horrez gain, parte-hartzaileek Ezinbestekoak izeneko aipatutako zerrendatik ere hauta zezaketen liburua. Zerrenda hori, hain zuzen ere, hainbat literatur adituren proposamenekin osatua da, eta orain arte euskaraz Gazte Literaturan argitaratu diren libururik onenak biltzen ditu. Publikoaren Sariak Eukene Herreraren (Ibaizabal argitaletxea) eta Iñaki Markotegiren, Galtzagorri Elkarteko lehendakariaren, eskutik jaso dituzte, hurrenez hurren.