Hemeroteka


Compartir
2016-05-13

Sari-banaketa ekitaldi jendetsua Tabakaleran

Maiatzaren 13an, ostiralarekin, goizeko 10:30ean, 2015-2016 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sari-banaketa ekitaldia egingo da Donostian, Tabakalerako zinema aretoan. Bertan izango dira Galtzagorri Elkarteko presidente Iñaki Markotegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Mikel Irizar eta Tabakalerako UBIK sorkuntza liburutegiko zuzendari Arantza Mariskal.

Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen egile eta editoreak ere izango dira ekitaldian. Besteak beste, sarituak izan diren book trailerretako liburuen egileak: Kristina Fernandez ilustratzailea (Beti iparralderantz), eta Ana Isabel Morales itzultzailea (Watsondarrak). Baita argitaletxeetako ordezkariak ere: Olatz Soraluze (Erein), Unai Pascual (Denonartean), Itziar Osa (Ibaizabal) eta Xabier Mendiguren (Elkar).

Guztira, bost sari banatuko dira. Ikastetxeen kategorian bi multzo egin ditugu eta multzo bakoitzeko sari bana emango da: DBH1-2 multzoan bat, eta bestea DBH3-4 multzoan. Norbanakoen kategorian, berriz, maila guztiak zaku berean sartu ditugu eta sari bakarra emango da, book trailerrik onenarentzat. Ondoren, Publikoaren Sariak ere izango dira. Horiek boto bidez erabaki ditu publiko zabalak: sari bana kategoria emango da bakoitzeko (Ikastetxeak/Norbanakoak).

Sari nagusiaren irabazleak ekitaldian bertan jakinaraziko dira eta 180 bat gaztek beteko dute Tabakalerako zinema aretoa.

Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatuko du.

Parte hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 21 ikastetxek hartu dute parte. Gipuzkoako DBHko 16 ikastetxek, Bizkaiko 4 ikastetxek eta Arabako 1ek: Julio Caro Baroja (Getxo), Abadiño BHI (Abadiño), Txintxirri Ikastola (Elorrio), Juan Orobigoitia Institutua (Iurreta) eta Olabide ikastola (Gasteiz).

Guztira, 1.500 bat ikasle. 241 book trailer sartu dira lehiaketan: 230 Ikastetxeen kategorian eta 11 Norbanakoenean. Iaz baino 46 book trailer gehiago.

Oraingoz, sari nagusia eskuratzeko Ikastetxeen kategorian 6 finalista daude eta guztiak (ikasgela osoarekin) etorriko dira ekitaldira:

DBH 1-2:

- Xuridu (Erniobehea. Villabona)

- The Brothers (Mariaren Lagundia. Bergara)

- Olainloclau (Mariaren Lagundia. Bergara)

DBH 3-4:

- Teknolog (Axular Lizeoa. Donostia)

- Esther Muxika eta Eider Garcia (Axular Lizeoa. Donostia)

- Ilunabrra (Axular Lizeoa. Donostia)

Norbanakoen kategorian finalista bakarra hautatu dutenez, Munduko Imaginarium taldea (Landaberri BHI. Lasarte-Oria) izango da saritua.

Irabazleak epaimahai batek hautatu ditu. Epaimahaia honako adituek osatu dute: Amaia Pavon HUHEZIko irakasle eta ikus-entzunezkoetan adituak; Joanes Urkixo idazle eta gidoigileak; Eva Alberdi Eibarko Juan San Martin Liburutegiko arduraduna eta Irati Zaldua Tolosako Udal Liburutegiko bibliotekaria.

PUBLIKOAREN SARIA

Horrez gain, Publikoaren Saria ere banatuko da eta saria bera ekitaldian jasoko dute irabazleek. Ikastetxeen kategorian Eibarko Mogel Isasi ikastetxeko DBH2ko Aejae taldeak irabazi du 160 botorekin eta Norbanakoenean Urnietako Ssati taldeak 58 botorekin.

Guztira, 724 boto bildu dira. Aejae taldeak Koldo Izagirreren Dumitru (Erein, 2014) liburuari buruzko book trailerrarekin irabazi du. Ssati taldeak, berriz, John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (Alberdania, 2007) liburuaren book trailerrarekin lortu du saria. Bigarren hori Ezinbestekoak liburu zerrendatik hautatu dute.

Izan ere, beste edizioetan bezala, honetan ere iaz Euskarazko Gazte Literaturan argitaratu ziren liburuen artetik DBHko maila bakoitzerako titulu bana proposatu genuen, baina horrez gain, parte hartzaileek Ezinbestekoak izeneko zerrendatik ere hauta zezaketen liburua. Zerrenda hori, hain zuzen, hainbat literatur adituren proposamenekin osatua da eta orain arte euskaraz Gazte Literaturan argitaratu diren libururik onenak biltzen ditu.

Honakoak dira boto gehien jaso dituzten book trailerrak:

- Aejae (160 boto) DBH2, Mogel Isasi (Dumitru) Eibar

- Nagjorev (127 boto) DBH4, Axular Lizeoa (Watsondarrak) Donostia

- BAC Bookzaleak (99 boto) DBH1, San Luis La Salle (Beti iparralderantz) Donostia