Hemeroteka


Compartir
2024-05-22

Sare sozialak dira Gonagorri berriaren hizpidea

Gonagorri podcastaren atal berria egin dugu. Oraingoan, sare sozialen gaiari heldu diogu eta gaiari buruz mintzatzeko Lili Aranburu, Lili Buru ezizenez ezaguna da sareetan, gonbidatu dugu. Lili Bururekin YouTuben eta Instagramen daukan arrakastaz hitz egin dugu. Jarraitzaile andana dauka, batez ere gazteak, eta jarraitzen badiote liburuen gomendioak egiten dituelako da. Orain urte batzuk ezingo genuke imajinatu ere egin euskaraz ari den booktuber eta bookstragramer batek horrelako sona lortuko zuela. Gonagorri honetan Lili Buruk bere sekretua zein den kontatu digu. Bide batez, Galtzagorrik sortutako Liburu Gaztea eta Booktuberboom proiektuen berri ere eman dugu.

Kontaketa gure lehiaketa horietan parte hartu duen Andere Garabieta gazte bilbotarrak egin du eta liburu gomendioa, Lore Agirrezabalek. Concetta Probanzarena da ilustrazioa eta Gona abestia, Maite Larbururena. 

Aurreratu genuen bezala, Gonagorri Naiz irratiko estudioetan hasi gara grabatzen, eta zabaltzen ere lagunduko digute. Hilaren amaierako igandearen goizean (10:10eak bueltan) emango dute, hilero, Gonagorri berria. Eta orain artean ekoitzi ditugunak ere zabalduko dituzte beren irratiko uhinetatik, baita Naiz irratiari atxikitako beste irratietatik ere. Oso pozik gaude kolaborazio hauekin. Zebra bidea irratsaioan, bidenabar, Galtzagorriri buruzko albisteak ematen hasiko dira haiekin ere kolaborazioa egingo dugulako.