Irailaren 11n Maite Rosende ilustratzaileak bere lanak jasoko ditu Ilustratzaileen Txokotik –Aieteko Kultur Etxean, eta Sandra Garayoak hartuko dio lekukoa irailaren 14tik aurrera. Rosenderen lanak ikusteko azken asteak dira beraz, ez galdu joateko aukera!
Sandra Garayoa Cotera Donostian jaio zen 1993an. 2015ean bukatu zuen Usandizaga Institutuan Diseinu Grafikoko Goi Mailako Zikloa. Ondoren, Bartzelonara joan zen eta Escola Massanan Ilustrazioan graduatu zen.
Hainbat esparrutan egin du lan. Diskoetako azalak diseinatzen, kartelgintzan, baita animaziozko filmen fondoak egiten ere. Egun, Haur eta Gazte Literaturan eta narraziogintzan murgilduta dago. Esparru horri dagokionez, hainbat lan ditu argitaratuak: Xabier Olasok idatzitako Hanka, Moko eta Buztan (Ikaselkar, 2021); 2020an Etxepare Saria irabazi zuen Itziar Otegirekin batera sortutako Lorerik Gorriena (Pamiela, 2020) albumarekin; eta une honetan, Bang argitaletxearekin komiki proiektu bat burutzen ari da.
Berria egunkariko "Mantangorri" gehigarrian ilustrazioak egiten ditu —horietako bat da albiste hau ilustratzeko erabili duguna– eta zenbait fanzine eta aldizkaritan argitaratu ditu bere lanak. Euskal emakumezko ilustratzaileei buruz Katilék argitaratu zuen Gogoratzen naizenetik marrazten dut proiektuan ere parte hartu zuen 2021ean.
Bere lana erakusketa ugaritan paratu du, bakarkakoak eta taldekakoak. Honako erakusketa kolektibo parte hartu du azken urteetan: “Leihoak zabalik”, Donostiako Okendo kultur etxean 2021ean; MAZOKA ilustratzaileen azokan, 2020an Montehermoso kulturunean; 2020an Valentziako Carmen Kulturunean egin zen "BABAKAMO, Babalunga i Kamalongos" erakusketan. Bakarkakoen artean, Zumarragako Zelai Arizti Kultur Gunean 2021ean Katapulta Plataformak antolatu zuen “INVENTARIUM, cátalogo de lo hallado por dentro” erakusketa paratu zuen. Bertan, bere ibilbidean burutu dituen hainbat lan erakutsi zituen; 2019an Irungo Martindozenea gaztelekuan “Sustraiak” erakusketa egin zuen, han erakutsi zituen izenburu bera daraman eta egileak autoeditatu zuen album ilustratu baten marrazkiak, non txikitako etxearen garapena kontatu zuen; 2019an Donostiako Posidonia Estudion “Otsailari, agur” erakusketa ondu zuen.
Sariak eta teknika
Sari eta aipamen ugari jaso ditu azken urteetan. Lehen aipatutako Etxepare Sariaz gain, 2022ko Boloniako Haur Liburuaren Azokan egin zen ilustratzaileen erakusketarako hautaketan finalista geratu zen; 2021eko IBEROAMERICA ILUSTRA izeneko katalogorako hautatua izan zen; urte berean, Kataluniako Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatzen dituen Junceda Sarietan autoedizioaren kategorian finalista izan zen, Colectivo Cincoren kide gisa. 2020ko IRUDIKA Euskadiko Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionaleko ohorezko aipamena jaso zuen Haur eta Gazte Literaturaren atalean; 2017an Ilustrazioko Eva Toldrá Ilustrazio Sarietan kategoria orokorreko lehenengo saria jaso zuen eta Junceda Sarietako etorkizuneko sortzaileen kategoriako finalista izan zen 2018an.
Ilustrazioaren inguruan, hitzaldi eta tailerrak eskaintzeaz gain, Garayoa etengabe ari da bere burua prestatzen ikastaro eta topaketetan parte hartuz. Besteak beste, Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen Biko-Teka liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean eta MarraziOak Ilustratzaileen Topaketetan parte hartu izan du.
Olio-pastelak, argizariak, koloretako arkatzak eta grafitoa erabiltzen du bere marrazkietan, eta emaitza trazu espresibo eta sendoak, forma organikoak eta koloretako orbanak dituen lana da. Bozetoak egitea saihesten du eta aldez aurretik gehiegi pentsatu gabe marraztea gustatzen zaio, ilustrazio espontaneoagoak eta zuzenagoak lortzeko.
Sandra Garayoaren lanak ikusgai egongo dira Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan irailaren 14tik abenduaren 11ra.