Hemeroteka


Compartir
2018-04-20

Sakanan booktube kedadak

Booktube bat liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa, ondoren Youtuben zintzilikatzen dena. Ingelesezko book (liburua) eta Youtube (Interneteko bideo plataforma) hitzen batuketatik sortutako neologismoa.

Mundu osoan, Booktube fenomenoak arrakasta itzela du gazteen artean. Hori dela eta, gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko asmoz, Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuarekin elkarlanean iaz hainbat kedada edo juntadizo burutu zituen Euskal Autonomia Erkidegoko herritako liburutegitan Booktuberboom egitasmoaren baitan. Bada, Nafarroako Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ere booktube kedadak antolatzeari ekin dio. Hala, lehendabizikoa ostiral honetan, martxoaren 16an egingo dute Ziordiko liburutegian. Hurrena, Altsasun izango da, apirilaren 20an. Bi kedada hauez gain, Sakanako Mankomunitateak antolatzen duen Haur eta Gazteentzako Maria Markotegi literatur lehiaketaren baitan kategoria berri bat sortu dute 2018ko edizioan: booktubeak kategoria, hain zuzen. Galtzagorri elkarteko profesionalek booktube kedada horiek gidatuko dituzte.

Booktube hitzak book (liburua) eta tube (YouTube) lotzen ditu. Hau da, booktube bat YouTube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da; liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa. Grabazio hori, ondoren, YouTubera igotzen da eta nonahi barreiatzen da sare sozialen bidez.

Honi esker, dagoeneko sare zabalak sortu dituzte booktuberrek, bai nazioarte mailakoak, bai tokian tokikoak (hizkuntzaren arabera gehienetan). Hau guztia, azpi-kultura digital bat sorrarazten ari da: booktuber horiek, azken finean, euren esperientzia literarioak besteekin partekatu nahi dituzten neska-mutilak baitira eta, neurri horretan, literatur kritikari berrien sare eta plataformak ari dira sortzen. Azken ikerketek diote gainera, booktuberrek liburu baten inguruan emandako iritziek askoz ere eragin handiagoa ei dutela aldizkari eta egunkarietako kritika literarioek baino. Gero eta irakurle gehiagok sentitzen du irakurritako liburuen inguruan iritzia emateko beharra. Eta komunitate oso bat dago horiek entzuteko prest.

Orain dela gutxi arte, liburuaren inguruko dinamika eta irakurketa bera bakarka eta modu intimoan egiten zen zerbait zen. Eta irakurlea liburugintzaren munduaren katearen azken muturra zen. Irakurleek ez zuten iritzia emateko aukera askorik eta zer irakurri erabakitzen zuten literatur kritikoek esandakoari kasu eginez.

Booktube fenomenoak joera hori irauli duela esan dezakegu. EAEn iaz probatu zuen Galtzagorri Elkarteak fenomeno horren arrakasta, hainbat liburutegi, gazteleku eta ikastetxeetan egindako booktube kedada edo juntadizoen bidez.

Booktuberboom egitasmoa izan zen euskal booktuberrak sortzeko landatutako lehen hazia. 2017an lehen fruituak eman zituen, 55 booktube baino gehiago jaso baikenituen iazko Booktuberboom lehiaketan eta EITBko “Gure Kasa” saioan egin genuen sari banaketa ekitaldia. Oraingoan, Nafarroako Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuek antolatu dituzte booktuberrentzako bi juntadizo. Lehena, martxoaren 16an izango da, 18:00etan, Ziordiko liburutegian. Izena emateko helbide honetara idatzi behar da: ziordialib@cederna.es

Horren ondoren, Altsasuko Intxostiapunta gaztegunean bigarren juntadizo bat egingo da apirilaren 20an, arratsaldeko 18:00tan. 12-16 urteko gazteek parte hartu dezakete bertan, eta izena emateko helbide honetara idatzi behar da: intxostiapunta@altsasu.net

Sakanako gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuz antolatu dira biak. Gainera, estreinako aldiz Maria Markotegi Literatur lehiaketan booktube kategoria ere izango da aurten.

Galtzagorriko profesional batek gidatuko ditu bi kedadak eta horietan booktube bat nola egiten den, zein ezaugarri izan behar dituen, kamera aurrean nola jardun… landuko dute.