Hemeroteka


Compartir
2016-07-10

Rio de Janeiroko egonaldia Maite Gurrutxagaren begietan

Maite Gurrutxaga ilustratzaile amezketarra Rio de Janeiron (Brasil) egin den 18. Salón FNLI do Livro para Crianças e Joves izeneko azokan, Galtzagorri Elkarteak eta Etxepare Institutuak lagunduta. Hainbat topaketa, aurkezpen eta saiotan hartu du parte eta esperientzia oso aberasgarria izan dela dio.

IBBYren Brasilgo atalak antolatzen du Haur eta Gazte Liburuaren Azoka eta Gurrutxagarekin batera, Maite Carranza, Alfredo Gómez Cerdá, Gemma Lienas eta Ledicia Costas idazleak, eta, Javier Zabala eta Xan López Domínguez ilustratzaileak ere izan dira bertan.

OEPLI erakundea osatzen dugun lau elkarteen laguntzarekin (Consejo General del Libro, Consell Català del Llibre Infantil i Juvenil, Galtzagorri Elkartea eta Gálix), eta, SM Fundazioa, Ramon Llul Institutua, Galiziako Xunta eta Etxepare Institutuarekin adostutako elkarlanari esker joan dira egileok Rio de Janeiroko azoka garrantzitsu horretara.

OEPLIk Haur eta Gazte Literaturako 300 liburuz osatutako erakusketa jarriko du bertan eta han izango dira Euskal Haur eta Gazte Literaturako hainbat lan ere. Erakusketa osatzeko, Miguel de Cervantes idazlearen heriotzaren 400. urtemuga dela eta, haurrentzako egokitutako haren hainbat obra ere izango dira ikusgai.


Esperientzia aberasgarria

Azoka oso familiartekoa dela, baina astegunetan bisitari gehienak eskola-umeak zirela dio Gurrutxagak. Hori dela eta, haien parte hartzea eskatzen zuten jokoen bidez marrazketa saioak egin zituen. Asteburuan, berriz, bisitariak familiak izan dira eta saio horietan ere haur eta gazteei zuzendutako marrazki-joko saioak egin zituen.

Gurrutxagak azaldu duenez, beste bi espazio ere baziren, bata Haurren FNLIJ Liburutegia izenekoa, eta, bestea Gazteen FNLIJ Liburutegia. Haurren FNLIJ Liburutegian Ledicia Costas idazle galiziarrak eta Gurrutxagak saio bat egin zuten; lehenak ipuin bat kontatzen zuen bitartean, besteak hura ilustratuz. Egunean era horretako pare bat saio izan ditu eta ilustratzailearen lana azaltzen ere ibili da zenbait mahai-ingurutan.

Egonaldiaz egindako gogoetatik honakoa azpimarratu du Maite Gurrutxagak: "Bertan ezagutu ditugun langileek haur eta gazteen egoeraz eta herrialdeak bizi duen egoeraz esandakoek herrialdea ulertzen lagundu digute, eta pertsonalki halako saloien garrantziaz ohartarazi, non haurrak eta gazteak liburuetara gerturatu daitezkeen, ipuin eta ilustrazioen mundura. Zentroko eta periferietako eskolek bisitatu dute saloia, baita Rio kanpoko eskolek ere, egoera sozial oso desberdinetan bizi diren haur eta gazteak".