Hemeroteka


Compartir
2012-09-23

Pinotxori buruzko erakusketa dago ikusgai Tolosan

Ezagutzen al dugu Pinotxoren benetako istorioa? Nolakoa da Carlo Colodi idazle italiarrak sortutako Pinotxo? Zein dira bere egiazko abenturak? Zein bere kezkak? Nolakoa da bere pentsamoldea?

"Ni pinotxo naiz. Pinotxoren istorioa, inoiz kontatu ez dizuten eran" izeneko erakusketa galdera horiei erantzuten laguntzeko xedez sortu du Valentziako Escalante Centre Teatral zentroak. Irailaren 23a arte egongo da ikusgai TOPIC-en, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan.

Erakusketa honek Pinotxo izeneko haur bat aurkeztuko digu. Pinotxo beste haurren aldean ezberdina da, egurrezko txotxongilo bat delako. Bere ametsa hezur-haragizko ume bihurtzea da, horrela gizartean integratua sentituko dela uste baitu. Hori dela eta, zenbait erabaki eta arazori aurre egin beharko die. Baina Txotxongilo bat gizaki izatera irits al daiteke? Eta gizaki bat txotxongilo izatera? Zerk egiten gaitu gizaki? Gisa horretako galderak planteatzen dira erakusketa honetan.

Horrez gain, Pinotxoren ipuinen bilduma osatu du TOPIC-ek erakusketa osatzeko, eta tartean da Galtzagorri Elkarteak Erein argitaletxearekin elkarlanean argitararturako Pinotxoren Abenturak liburua, euskaraz argitaratu den bertsio original eta osoa.

Bisita antzeztuak

Erakusketa irailaren 23a arte egongo da zabalik. Goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara. Ostiral eta larunbatetan, gainera, bisita antzeztuak eskainiko dituzte.

Bisita horietan edonork har dezake parte; heldu, gazte, zein haurrek, antzezleak testua ikuslearen arabera moldatuko baitu, nahiz eta familiak eta haurrak izan diren testuaren lehen inspirazio iturri. Bisiten iraupena 45 minututakoa izango da gutxi gora-behera; taldeak  gehienez 15 lagunekoak izango dira.

Informazio gehiago: www.topictolosa.com web gunean.

Doako sarrera lortu nahi?

Tolosako Haur Liburutegiak doako sarrerak zozkatuko ditu Pinotxori buruzko 3 galdera zuzen erantzuten dituztenen artean.

1- Nola deitzen zioten neska-mutikoek Geppetori, haserre bizian ikusi nahi zutenean?

2- Nor aurkitu zuen Pinotxok marrazoaren gorputz barnean?

3- Zenbat urrezko txanpon lapurtu zizkioten Azeriak eta Katuak Pinotxori?

Erantzunak ez badakizkizu, jo Tolosako Haur Liburutegira Galtzagorri Elkarteak eta Erein argitaletxeak argitaratutako "Pinotxoren abenturak" liburua maileguan hartzera eta bertan aurkituko dituzu erantzunak.