Hemeroteka


Compartir
2009-01-20

Pello Añorgaren hitzak Euskadi Saria jasotzerakoan

Arratsalde on Juan Jose Ibarretxe lehendakari jauna,
Miren Azkarate kultura sailburu andrea,
eta gainontzeko jaun-andre estimagarriok: aita, ama, emazte,
seme-alaba eta familiakoak,
lagun zaharrak, lagun berriak, lankideak, idazleak,
ilustratzaileak, agintariak, elkarteak, erakundeak, eta hona
etorri zareten guztiak.

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiet , bereziki, Jokin
Mitxelena ilustratzaile lagun minari eta Aizkorri argitaletxeari,
partaide zuzenak izan direlako Jenio Gaiztoa liburuan;
baita eskerrak eman ere, denbora luze honetan haur
literaturaren barrutia elkarrekin partekatzeko zoria izan
duzuenoi. Eta eskerrak, noski,
epaimahaikideei, Jenio Gaiztoa saritzeagatik; horrela, ez
bakarrik nire liburua, lehenengo irakurleentzat dauden liburuak
ere saritzen direlako, helduena bezainbeste.

Eta eskerrak eman ondoren,
esan dezadan Leon Felipe poetaren hitzetan:
“Nik gauza gutxi dakit, egia da,
baina kontatzen dut ikusi dudana
eta ikusi dut “:
Haur literatura ez dela haurrentzat bakarrik (ni, behinik behin,
identifikatzen naizen haur literatura).

Zeren haur literatura, lehenik eta behin, literatura baita. Eta
literaturak, arte orok bezala, ez duelako adinik.
Akaso, Mariasun Landaren Iholdi liburua haurrentzat ote da bakarrik?
Eta Juan Kruz Igerabideren begi niniaren poemak?
Haurrentzat bakarrik al dira Ipuin-kontalariak?
Goroldioa bakarrik haurrentzat al da?
Eta izarrak?
Eta mariorratzak, txitxi-burruntziak eta marigorringoak?
Arrainak bakarrik amuarentzat bakarrik eginak al daude bakarrik?
Edota, hodeiek bakarrik zertarako balio dute bakarrik, euria egiteko bakarrik?

Nik gauza gutxi dakit, egia da,
baina bat dakit:
helduen zientziarekin bakarrik isolatua sentitzen naizela,
ur tanta itsasoaren erdian bezala.
Eta horregatik behar dudala esatea Marigorringori:
Marigorringo, ringo-ringo, bihar zer eguraldi egingo?
(Ez haurrentzat idatzi behar dudalako, baizik heldu bezala bizitzeko behar gorria dudalako).

Eta paradisuko arbolatik behar dudala jatea sagarra,
har eta guzti (ez Walt Disney gisa),
eta Jainkoari ematen dizkiodala eskerrak,
eta eskerrak baita ere sugetzar madarikatuari, zapoei,
demonioei, aingeruei, hadei, elektroiei eta protoiei,
agian oso sinplea naizelako; edota, agian, nire artea delako
oso inozentzia handikoa.
Akaso, maitasuna proteina hutsa al da bakarrik?
Akaso, munduaren sorrera esplikatzeko indioen eta bakeroen
arteko BING-BANG onomatopeia infantilarekin bakarrik
konformatu behar al dugu?
Bing-bang onomatopeia superman

Zergatik infantilizatzen dugu horrenbeste mundua helduok?
Noren ondare da Haur literatura?
Txokolatea haurren ondare al da bakarrik?
Eta txiklea, eta karamelua?
Zeren ni kalean barrena noanean, txitean-pitean, heldu
gehiago ikusten baitut karameluak zupatzen (haurrak baino gehiago).
Zergatik haur liburutegi eredugarriak bihurtzen Txiki-Park?

Zergatik ez diegu hitz egiten haurrei ere gauza altuez eta baxuez,
zeruaren sabaiaz eta lurraren geruza beltzaz?
Hazi txikien memoria handiaz
eta bihotz handiaren taupada txikiaz,
heldua eta haurra, biak egonda, elkarrengandik gertu,
denbora lagun?

Baztertuz gure aurreiritzi lirdingatsuak,
paternalismo merkantilistak,
errazkeria epelak
eta umekeria topikoak?

 “Nik gauza gutxi dakit, egia da,
baina kontatzen dut ikusi dudana
eta ikusi dut”:
sateliteen begi handia erabiltzen dugula helduok,
baina baita erabili beharko genukeela inurrien begi ñimiñoa ere,
norabide txiki,
ustekabe eta ez jakinetan ere mugi eta bizi gaitezen.

Bai, jaun-andre estimagarriok,
haur literaturak balio dezakeelako, besteak beste:
haurren begiekin ere mundua ikusten erakusteko helduei,
galdera berriak egiteko,
eta gauza txikietan eta konkretuetan liluratzen eta gozatzen ikasteko.
Eta horregatik, dakit, eta diot:
haur literatura heldua egiteko,
eta herri bezala ez zaharkitzeko,
eta umore gehiago izateko,
behar dugula haurraren begirada landu, hots,
begirada gardena
munduaren aurpegi osoa isla dadin,
bihotzaren lorea eskuan islatzen den bezala:
eki, eki, eki, eta eki bihotzaren lorea eskuan ireki (bis).

Eta orain isil nadin, Patxi Zubizarretaren esaera zaharra ekarrita:
Hitza zilarrezkoa bada, isiltasuna urrezkoa delako.

Eskerrik asko denoi!
2008ko azaroaren 18an
Pello Añorga