Hemeroteka


Compartir
2014-05-11

Patxi Zubizarretarentzat V. Mikel Zarate Haur Literatura saria

Patxi Zubizarretak idatzitako Mundua baloi batean kontakizunak irabazi du V. Mikel Zarate haur literatura saria: 3.000 euro eta liburua argitaratzea.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta bosgarren ekitaldia izan da aurtengoa.

Aurten, 23 lan lehiatu dira guztira eta Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Antxiñe Mendizabalek osatutako epaimahaiak, azpimarratu duenez, lanen batez besteko maila handia izan da. Guztien artetik, Zubizarretak idatzitako nobela hautatu dute, bere idazketa eder eta abilagatik: umeen futbol partida bateko pasadizoa eta mutiko protagonista zaintzen dauden aingeruak nahasten ditu, fantasiaren eta errealitatearen arteko jokoan, edertasun eta jolasez gainezka dagoen estilo batean.

Patxi Zubizarreta idazle eta itzultzailea da, Ordizian jaio zen 1964an eta Gasteizen bizi da aspaldidanik. Helduentzako nobelak ere idatzi dituen arren, haur eta gazte literaturako egile gisa da batez ere ezaguna, dozenaka titulu idatzi eta sari asko irabazi baititu:

- Mikel Zarate Saria, Mundua baloi batean, 2014, Lezamako Udala eta Elkar

- Euskadi Saria, Xia Tenzinen bidaia miresgarria, 2010, Eusko Jaurlaritza

- IBBYko Ohorezko Zerrenda, Urrezko giltza, 2007

- Euskadi Saria, Pantaleon badoa, 2006, Eusko Jaurlaritza

- CCEI Sari , Sola y Sincola, 2006

- Liburu Gaztea Saria, Usoa, Karpeta morea, 2005, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Galtzagorri Elkartea

- IBBYko Ohorezko Zerrenda, Printze txikia, 2003

- White Ravens Saria (Juan Kruz Igerabiderekin batera), Paularen zazpi gauak, 2003

- Vitoria-Gasteiz Udaleko HGLko Itzulpen Saria, Printze txikia, 2002

- Euskadi saria, Gizon izandako mutila, 1997

- A. M. Labaien, Eztia eta ozpina, 1995

- Baporea Saria , 1948ko Uda, 1993

- Lizardi saria, Matias Ploff-en erbakiak, 1991