Hemeroteka


Compartir
2018-09-16

Orbainak, autorretratu mutanteak eta memoria-liporelloak MarraziOak-en hamargarren edizioa bukatzeko

Bukatzen ari dira aurtengo MarraziOak ilustratzaileen topaketak. Memoriaren marretan barrena hausnarketa ugari egiteko aukera izan dute parte hartu duten 11 ilustratzaileek. Hausnarketa bakarrik ez: norberaren memorian oinarrituta sormen lan bikainak gauzatu dituzte. Besteak beste, norberaren bizipen, une edo objekturen batean oinarritutako liporello formako albumak. Bukatuak dituzte jada. Baina horrez gain, sormena sustatzeko hainbat ariketa ere egin dute. Beti bezala, ideia eta proiektu ugari sortuko dira MarraziOak-etik.

11 izan dira aurtengo edizioan parte hartu duten ilustratzaileak. Batzuentzat ez da lehen aldia izan; beste batzuk aurten estreinatu dira. Beste zenbait Biko-Teka, Iruñeko Udalarekin Galtzagorri elkarteak gauzatzen duen Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartutakoak dira. Guztiek lan asko egin dute irailaren 13an hasi eta gaur arte, Donostiako Komikigunean, goiz eta arratsaldez, Galtzagorri elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzak antolatutako MarraziOak X.ean.

60 ilustrazio 60 minututan

Eduki teorikoez gain, liburuak eta filmak ikusi, eta batez ere, sormen ariketa ugari gauzatu dituzte parte hartu duten 11 ilustratzaileek. Esaterako, atzo, Ignasi Blanch irakasleak, bertsolariei gai-jartzaileak bezala, gaia jarri zien, eta ilustratzaileek ordubetean, minuturo, marrazki bat egin behar izan zuten gaiari lotutakoa. Minutu bakoitza bukatutakoan, paper bat utzi, eta beste paper zuri baten gainean beste ilustrazio bat egin behar izan zuten. Gaia hitz bakar batean eman zien Blanchek, honakoa: “Orbaina”.

Argazkietan ikusten den moduan, gero, ilustrazio pila hori guztia aztertzen aritu ziren ilustratzaileak, Harkaitz Canok eta Ignasi Blanchek lagunduta.

Azken eguna da gaur eta goizez “autorretratu mutante” bat egiten dabiltza. Norberak bere buruaren erretratua egin behar du, baina erretratu horretan ilustratzaile bakoitzak etxetik ekarri duen objektu pertsonal bat ere ilustratu behar dute.

Liporelloak

Orain bi urte bezala, oraingoan ere liporello edo “liburuxka desplegable” bana osatu dute parte-hartzaileek. 2016an, Errauskine edo artearen historian emakumearen errepresentazioa ziren liporelloen gaia. Oraingoan, memoria, bakoitzaren memoria, hizki txikiz idazten dena… Norberaren memoriatik une batzuk hautatu, izoztu eta kontatu dituzte. Norberaren mundu intimotik irakurle ororentzat interesgarria izan daitekeena hautatu, sekuentziatu eta ilustratuz.