Hemeroteka


Compartir
2008-09-01

Oporretan ere irakurtzen gozatzeko

Biblioporrak izeneko gida plazaratzen dute azken urteetan Aramaioko, Arrasateko, Aretxabaletako,  Bergarako, Eskoriatzako, Legazpiko eta Oñatiko udal liburutegiek. Bertan, udan leitzeko liburuen zerrenda proposatzen dute, adinka banatua. Horrez gain, disko eta filmen gida ere egiten dute. Haur eta gazteentzako proposamenez gain, helduentzako ere egiten dute. Biblioteka udan ere zabalik dagoela eta erabil daitekeela argi utzi digute beraz, biblioteka hauek.

Tolosan gainera, aurten proiektu berri bati ekingo diote: Udako Liburutegia jarriko dute martxan Usabalgo kanpoko igerilekuan. Hamakaz inguratutako egurrezko kiosko batean egingo dituzte arreta lanak bibliotekariek.  Hori bai, egun euritsua irtengo balitz, kiroldegi barruan emango litzateke zerbitzua.



Liburutegi honek honako zerbitzuak eskainiko ditu uda osoan zehar:

• Hemeroteka, komikiteka eta haurtxoteka zerbituez osaturiko irakurketa informalerako gunea izango da.
 • Tolosa eta bertako liburutegi zerbitzu orokorrari buruzko informazioa eskainiko du.
• Liburutegiko txartelak egingo dira.
• Liburutegiko bazkideek, Helduen zein Haur liburutegiko liburuak maileguan eskatzeko aukera izango dute eta hurrengo egunean igerilekuan jaso.
• Tolosako edozein liburutegitik hartutako maileguak bertan itzultzeko aukera emango da.
• Wifi zerbitzu irekia: eskuko ordenagailuak eraman nahi duten guztiek internet sarea erabiltzea izango dute.

Zerbitzu berri honetaz arduratuko den liburutegiko laguntzaileak Udaletxeko bizikleta erabiliko du Usabalera joateko eta eskatutako edo itzulitako liburuak eramateko. Bizikletak alportxak izango ditu.

Udako Liburutegi honen helburu nagusia tolosarrek aisialdirako aukeratu duten lekuan irakurzaletasuna sustatzea da eta aldi berean, opor garaia aprobetxatzea tolosarren irakurketa ohiturak bultzatzeko. Tolosako Liburutegiko buruak esan digunez, hasieran, udako zerbitzua bezala pentsatua egon arren, zonalde horretan herritarren aisialdirako gunea sustatu nahi denez, neguan ere, batez ere asteburuetan, zerbitzua ematen jarraitzea aztertzen ari dira.

Zer irakurri ez dakitenentzat

Udan zein neguan irakurri daiteke. Oporretan zein lan egunetan. Baina ezin ukatuko dugu oporretan denbora gehiago dagoela irakurtzeko. Eta garrantzitsuena: liburuak eta istorioak gozatzeko. Horregatik, eta zer irakurri ez dakitela aitzakia moduan erabiltzen dutenentzat, bi gida proposatzen dizkiegu hemen:

Bata, Fundación Germán Sánchez Ruipérezek aurten plazaratu duen Haur eta Gazte Literaturako Liburu Hautatuen Gida. 2006-2007an 3 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteei bideratutako liburuak aurkituko dituzue bertan. Eta ez hori bakarrik, Estatuko lau hizkuntza ofizialetan argitaratutakoak dituzue gainera, adinka sailkatuak. Euskarazko liburuen hautaketa Galtzagorri Elkartearen izenean, Asun Agirianok burutzen du Mondragon Unibertsitateko Haur Liburu Mintegiarekin batera.

Bestalde, Nafarroako Civican liburutegiak bost urte daramatza liburuen gida bat prestatzen. Aurten 224 liburu biltzen dituen Irakurketa Bestiarioa prestatu du. Urtearen hasieran plazaratu bazuten ere, oso liburu interesgarriak topatuko dituzue bertan. Modu erabat originalean sailkatuta gainera, liburuak animalia bereziak bailiran, horrelako sailkapenaren arabera baitaude ipinita: pasoko hegaztiak, mamutak, ardi beltzak, tortolitoak, banpiroak, untxariak, dragoiak, akuriak, bibliotekako saguak eta abar... Ondoren, bestiarioak diren liburuen gida bat ere eskaintzen dute eta amaitzeko gida honetan ageri diren liburu guztiak adinka banatuak, eranskin batean.

Emandako orientabide guzti hauekin ez duzue aitzakiarik. Beraz, oporretan irakurri. Eta kontatu. Eta gozatu.