Aieteko kultur etxeko Ilustratzaileen Txokoa leku berezia eta estimatua da. Izan ere, artista interesgarrien lanak ikusgai jartzen ditugu. Bihartik aurrera, eta martxoaren 16ra arte, Olaia Martínez Altuna (Donostia, 1990) ilustratzailea izango da txokoko protagonista.
Olaia Martínez Arte Ederretan lizentziatu zen Salamancan eta Produktu Grafikoen Diseinua eta Irakaskuntza masterra ikasiz osatu zuen bere prestakuntza.
Hala ere, bere ibilbidean zehar bestelako alorretan ere trebatu da. Haur eta Gazte literaturari dagokionez, esaterako, Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen Marrazioak eta Biko-Teka tailerren edizio ezberdinetan parte hartu izan du Maite Gurrutxaga, Juan Kruz Igerabide, Gustavo Puerta, Elena Odriozola, Ignasi Blanch, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Aitizber Alonso eta Harkaitz Cano bezalako sortzaileen gidaritzapean.
Ilustrazioaz gain, bestelako adierazpen artistikoetan ere formakuntza jaso du urteetan, zeramika, koadernaketa, grabatua edota artista liburuak ere lantzen dituelarik.
Eskuekin lan egitea atsegin du eta are gehiago horiek zikintzea, margoekin bereziki. Asko gozatzen du ilustrazioarekin, irudien bidez kontatzeko aukera ematen baitio, baita paperarekin lan egin eta artista-liburuak sortzea ere. Gai guzti horiek irakastea da bere beste pasioetako bat.
Esperientzia zabala du tailer artistikoak ematen. 2012az geroztik, marrazketa artistikoa, ilustrazio esperimentala, serigrafia, transferentzia, collagea, grabatua edo pop-up teknikak irakasteko tailerretan gidari izan da.
Hainbat aipamen jaso ditu bere ibilbidean, besteak beste, 2018an Maialen Arocenarekin batera Artista Liburuaren Igo lehiaketan 3. saria jaso zuen.
Bere lanak zenbait erakusketatan ikusgai izan dira. Hala nola, San Telmo Museoan antolatutako Arteliburu jardunaldien baitako artista liburuen erakusketetan (2015-2022), Olatu Talka Jaialdiko irudi sortzaileen erakusketa kolektiboan (2019), “Zis-Zas” erakusketan Tolosako GKO arte galerian (2018), “El idioma de las flores” erakusketa kolektiboan Tolosako Aranburu Jauregian (2017) edo La Laguna Unibertsitatean egindako erakusketa kolektiboan (2013).