Hemeroteka


Compartir
2012-12-02

Nerabeentzako liburuak helduek irakurtzen dituzte

Nerabeentzako liburuen erdia baino gehiago helduek irakurtzen dituzte. Hala ondorioztatzen da Understanding the Children’s Book Consumer in the Digital Age (Haurren Liburu Kontsumoa Ulertzen Aro Digitalean) izeneko txostenean. Argitalpen industriara bideratutako azterketak egiten dituen Bowker Market Research etxeak burututako ikerketa baten emaitzak dira.

Ikerketa horren arabera, salmenten %28 heldu horiek sortutakoak dira eta ez dituzte liburuak besteentzat bakarrik erosten. Erosketa horien hartzailea nor izaten zen galdetu zitzaienean, gehienetan (%78) beraientzat erosten zituztela erantzun zuten.

Jasotako erantzunen arabera, esan liteke Gazte Literatura ez dela soilik gazteentzat. Haur Literatura haurrentzat bakarrik ez den bezala. Izan ere, ikerketa horretan jaso denez, 12 eta 17 urte bitarteko haurrei zuzendutako liburuen kontsumitzaileen %55ak 18 urte edo gehiago ditu, eta segmentu garrantzitsuena 30 eta 44 urte bitarteko erosleek osatzen dute.

Nerabeei zuzendutako liburu elektronikoen salmentaren eta liburu elektronikoak irakurtzen zituztela zioten nerabeen artean zegoen alde nabarmena ikusi zenean abiatu zuen ikerketa hau Bowker Market Research enpresak. Salmentak handiagoak ziren, liburu elektronikoen irakurle ziren nerabeak baino.