Haur eta Gazte Literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpen hoberenak saritzen ditu urtero Vitoria-Gasteiz Sariak. Bederatzigarren edizio honetan, Miren Agur Meabe suertatu da garaile Haur Literaturaren alorrean, “Alizia eta antzara jokoak” ("Alicia et le jeu de l’oie". Lola Moral eta Sergio Garcia) itzulpen lanagatik. Gazte Literaturaren alorrean berriz, Aitor Aranak irabazi du “Tximeletaren oihua” lanagatik ("El grito de la mariposa" . Jordi Sierra i Fabra). Azken hau Galtzagorri Elkarteak burutzen duen Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketaren 2017-2018. Ediziorako irakurgai hautatuetako bat da. Irabazle bakoitzak 9.000 eurona jasoko ditu.
Haur eta Gazte Literaturaren alorrean nazioartean argitaratzen diren lanik esanguratsuenak euskaraz irakurri eta gozatu ahal izateko aukera ematen du azken bederatzi urtetan Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen duen sari honek.
Aurtengo epaimahaia Karlos del Olmo Serna, Itziar Diez de Ultzurrun Sagalá, Isabel Etxeberria Ramirez, Ramón Etxezarreta Aizpuru eta Usoa Wyssenbach Ibarra-k osatu dute. Euren iritziz, Haur Literatura alorreko itzulpen saria jaso duen Meabek "naturaltasuna eta freskotasuna lortu du testua euskaratzean, ahozkotasun bizi, aberats eta gozagarri batetik edanez". Gazte Literaturaren itzulpenean gailendu den Aranaren lanari buruz “estilo zuzen, biluzi eta lehor batez idatzita dago jatorrizkoa, eta itzulpenak ederki asmatu duela ezaugarri horiek euskarara ekartzen" adierazi du epaimahaiak.
Sarituak izan diren bi itzulpen lanen egileak, Meabe eta Arana, Galtzagorri elkarteko kideak dira. Iaz, Patxi Zubizarretak eta Coro Navarrok jaso zuten sari hau. Orain bi urte, Joseba Santxok eta Miren Arratibelek.